Gizarte Zerbitzuko zentro berri bat ireki dute Loiolako Erriberan
Zortzigarrena da Loiolako Erriberakoa, eta 22.100 donostiar artatuko ditu.
Gizarte Zerbitzuak iaz egindako lanaren balantzea aurkeztu zuten joan den astean. Jasotako datu horien arabera, 14.600 familiari eman zitzaien arreta.
Arreta hori ahalik eta zuzenena eta gertukoena izan dadin zazpi zentro ditu Donostiako Udalak hiriko hainbat auzotan. Gaur zortzigarren zentroa inauguratu dute Loiolako Erriberan; aurreko ostegunean jarri zuten abian. Hainbat udal ordezkari bertan izan dira, Gizarte Zerbitzuetako arduradun eta langileekin batera.
Nemesio Etxaniz kalean dago zentro berria, eta 22.100 donostiar artatuko ditu. Horietako asko Morlanko bulegora joaten ziren orain arte. Aitziber San Roman, Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, “Morlansen jende asko pilatzen zen eta hemendik aurrera, zerbitzua zabaltzeak herritarren beharrak antzematea eta artatzea erraztuko du”.
Loiolako Erribera, Loiola, Txomin Enea, Martutene eta Osinagako bizilagunei eskainiko die arreta gizarte zerbitzuko zentro berriak. Bertako arduradunek azaldu dutenez, etxez-etxeko bisitak eta herritarrekin hitzorduak dira gehien egiten dituztenak. Horretarako 14 pertsonaz osatutako lan taldea dute: zentroko arduraduna, bi administrari, hiru gizarte langile, bost hezitzaile, bi psikologo eta terapeuta bat. 943481551 da bertako telefono zenbakia.
Edozein joan daiteke Gizarte Zerbitzuetako zentroetara: norbanakoak, familiak, nahiz taldeak. Arazoaren araberako aholkuak eta laguntza baliabideak jasoko dituzte bertan, eta arazoa beste eremu batekoa bada, bertara bideratuko dute erabiltzailea.
Adinekoen arreta arazoak, norberaren autonomia gabeziak, higikortasun arazoak, familien desegituraketak, gizarte bazterkeria kasuak, arazo ekonomiko larriak… hainbat dira gizarte zerbitzuek kudeatzen dituzten arloak. Gainera, edozeinek jasan ditzake egoera hauek, adin, sexu eta egoera sozioekonomiko guztietakoak, beraz, zentro irekiak dira.
Eneko Goia alkatearen esanetan, “berri pozgarria” da Loiolako Erriberako zentro berria abian jarri izana. Aurrerantzean ere beste guneak hobetzen jarraituko dutela iragarri du, zerbitzua “modu orekatuan” iris dadin hiriko eremu guztietara.
Hauek dira beste zentroek artatzen dituzten eremuak: Parte Zaharra, Erdialdea eta Amara; Amara Berri, Loiola eta Martutene; Larratxo eta Altza; Gros eta Egia; Antigua, Ibaeta, Igeldo, Añorga eta Aiete; Intxaurrondo; Bidebieta eta Herrera.
Udalak kudeatzen duen