Uliako aterpetxeraino iritsiko da taxibusa
Ulia eta Gros elkartzen dituen zerbitzu publikoan aldaketak egingo dituzte, apirilaren 18tik aurrera.
Datorren astelehenetik aurrera, apirilak 18, Uliako taxibus zerbitzuak aukerak zabalduko ditu. Halaxe azaldu dute Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek. Taxia bera, ibilgailua, mantenduko dute, baina hainbat hobekuntza eskainiko dizkiete erabiltzaileei, tartean, Uliako aterpetxera igotzeko aukera. “Azken datuen arabera, egun, hilean ehun bat lagunek erabiltzen dute zerbitzua; baina, aldaketa hauei esker, erabiltzaile kopurua handitzea da helburu nagusia”, azaldu du Aranak.
Hasteko, orain arte hamar zerbitzu izaten ziren egunean, eta igandetan ez zegoen zerbitzurik. Bada, astelehenetik aurrera, hamabost zerbitzutara pasako da, eta igande zein jaiegunetan erabiltzeko parada egongo da. Kolon pasealekutik 7:15ean irtengo da, eta orduro egongo da zerbitzua, 21:15ak arte. Uliako aterpetxetik, berriz, 7:30ean hasiko da lehen taxibusa, eta 21:30ean izango da azkena.
Bestalde, ibilbidea luzatu egingo dute. Modu horretan, bi geltoki gehituko dituzte: Ulia pasealekuko 264. zenbakia eta Ulia aterpetxekoa. Gainera, lehen, diruz ordaindu behar zen zerbitzua; baina, orain, Mugi txartelarekin egin ahal izango dute erabiltzaileek ordainketa. Era berean, garraio aldaketak egiteko aukera ere izango dute, doan.

