Erakusketaren aurkezpena egin dute. (Argazkia: Donostia Kultura)
Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia antolatu dute aurten ere Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak. Zinemaldiaren baitan, Aiete kultur etxean
Bakea josiz; Gatazka, Arpillerak, Memoria izeneko erakusketa zabaldu dute, ekainaren 12a arte. Zehazki, erakusketan 32 arpillera edo zaku oihal ikus daitezke: hiru dimentsioko ehunezko piezak. Hainbat tokitan egindakoak dira: Txile, Ipar Irlanda, Espainia, Ingalaterra, Argentina, Kolonbia, Peru eta Zimbabwe. Gainera, zaku oihalak egiteko tailerrak burutuko dituzte.
Txilen hasi ziren egiten halako piezak, Pinocheten estatu-kolpearen ondoren. Hain zuzen ere, senitartekoak galdu zituzten emakumeek teknika horretan topatu zuten bizirik irauteko era, emozionalki eta ekonomikoki. Aldi berean, giza eskubideen urraketa salatzeko era bezala aldarrikatu zuten. Horretarako, haria, orratzak eta oihal zatiak erabiltzen zituzten, eta euren bizipenak josten zituzten. Desagertutako pertsonen arropen oihalekin egiten zituzten zaku oihal horietako asko, haiek omentzeko eta euren memoria bizirik edukitzen saiatzeko. Beranduago, salatzeko eta aldarrikatzeko modu hori munduko herrialde askotara zabaldu zen. Azken batean, justizia eskatzen dute.