Errefuxiatuei bidaltzeko hainbat mei tai josi dituzte
Egiako Haria Slow Fashion dendaren ekimenez, ume-eramaileak sortzeko elkartasun tailerra egin dute.
Siriara ume-eramaileak bidaltzen ari diren kanpainarekin bat egin du Egiako denda batek. Izan ere, Haria Slow Fashionen elkartasun tailer bat egin zuten asteburuan, mei tai izeneko ume-eramaileak josi eta errefuxiatuei bidaltzeko. Dendak duela bi hilabete inguru ireki zituen ateak, eta dagoeneko bilketa-gune bihurtu da, Madrilgo Asociacion de Apoyo al Pueblo Sirio elkartearen bitartez bidalketak egiteko. Hala, ume-eramaileak ez ezik, janaria, mantak, makuluak eta beste hainbat material ere jasotzen du. Izan ere, dendan espazioa du material asko sartu eta gordetzeko.
Tailerrean hamar lagun inguruk hartu zuten parte, eta zortzi mei tai egin zituzten, lau ordutan: “Ikasleei erakutsi nien ume-eramaile mota hori egiten. Batzuk ez zekiten josten, baina azkar ulertu zuten eta oso ondo moldatu ginen”, azaldu du Oihana Legorburuk, Haria Slow Fashioneko jabe eta elkartasun tailerreko irakasleak. Erabili duten material gehiena Emaus eta beste pertsona batzuen donazioen bitartez lortu dute. Esaterako, Emausek botatzeko zituen errezelak eman dizkiete.
Egun bateko tailerra izanik, interesa zuen jende askok Facebook bidez idatzi dio dendari: “Eskatu dizkidate patroiak eta argibideak bidaltzeko, beraiek etxean egin eta gero hona ekarri eta Siriara bidaltzeko”, nabarmendu du Legorburuk. Hortaz, aurrerago antzeko tailer bat antolatuko duela esan du jabeak.