'Europa bat-batean' izeneko jardunaldiak prestatu dituzte elkarlanean Mintzola eta Donostia 2016 fundazioek eta EHUk.
Carmen Agoues, Arrate Illarro, Andoni Egaña eta Pablo Berastegi. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bertsolariak oso ezagunak dira Euskal Herrian, baina ez dira munduan kantu inprobisatua lantzen duten bakarrak.
Mintzola fundazioa eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa mapa bat osatzeko esfortzu berezia egiten ari dira, zein tokitan eta zein inprobisazio mota lantzen duten kokatzeko. Hari horri tiraka, kantu inprobisatuen nazioarteko topaketa prestatu dute elkarlanean hiru erakundek: Mintzola eta Donostia 2016 fundazioak eta EHU (Euskal Herriko Unibertsitatea).
Europa bat-batean izenburupean landuko dituzte jardunaldi horiek, eta bi arlo izango ditu: akademikoa eta zuzeneko ikuskizunak.
Hala, batetik, aste hontan bertan hasita, apirilaren 16tik 23ra, giroa berotzen hasteko, zazpi ikuskizun eskainiko dituzte hainbat tokitako inprobisatzaileek. Bertsolariekin batera izango dira inprobisatzaile sardiniarrak, kurdua, eta kataluniarrak saioetan, eta
egitarau osoa kontsulta daiteke. Ikuskizun horietako bat Donostian izango da, EHUren Ignacio Maria Barriola Zentroan, apirilaren 19an, 19:00etan.
Bestetik, EHUren udako ikastaroen barnean, jardunaldi akademikoak eskainiko dituzte, uztailaren 11tik 15era (9:00etatik 13:30era). Miramar Jauregian izango dira jardunaldi horiek, eta egun bakoitzean gai bat landuko dute, hurrenez hurren: kantu inprobisatuak; kantu inprobisatuaren transmisioa; kantu inprobisatua eta transmisioa; kantu inprobisatuaren gaurkotasuna; eta kantu inprobisatua eta hizkuntza gutxituak. Bost saioetarako matrikulak 80 euroko prezioa izango du, eta egun bakarrekoak, berriz, 25 euro. Jardunaldi horiekin batera,
Bertsolaritza eta irudia izeneko erakusketa prestatuko du Beñat
Krolemek. Gainera, ikuskizunak ere izango dira egun horietan; lau Donostian, eta bat Oñatin.
Jardunaldien egitarau guztia prest dago, baina saioen inguruko xehetasun gehiago aurrerago emango dituzte. Edonola, Kursaalen egingo duten azken ikuskizun batek itxiko ditu jardunaldiak; uztailaren 16an, 19:00etan.