Ekaina bukaerarako oinezkoentzako tunela guztiz eraberrituta egongo da.
Xabier Barrutieta arkitektoa -ezkerrean-, eta Victor Goikoetxea artista egilea, Ondarretako tunelaren maketari begira. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Miramar-ko tunela, Antiguako tunela, Ondarretako tunela…izen ofizialik ez duen arren, herritarrek hainbat izenez ezagutzen dute Kontxako pasealekua eta Ondarreta lotzen dituen oinezkoen pasabidea. Hemendik aurrera, ordea, besterik gabe pasatzeko bide izatetik, Itsar Arte bilakatuko dute. Oinezkoak harritu eta ur-azpiko bidaia batean murgiltzea da helburua.
Udalbatzar aretoa birmoldatu duen
Victor Goikoetxea artistak egingo du eraldaketa,
Xabier Barrutieta arkitektoarekin elkarlanean. Finantzaketa, berriz, publiko-pribatua izango da. Izan ere,
Donostiako Udalak 20.000 euroko ekarpena egingo badu ere, lau enpresa pribatuk jarriko dute gainerakoa;
127.000 eurokoa da aurrekontu osoa, eta enpresak, berriz, Angulas Aginaga, Aelvasa, Igarle eta LurGenek.
DSS2016k ere bere egin du proiektua, eta Elkarrizketak atalean txertatu du. Kultur hiriburutzak hiriari utzitako ondare gisa definitu dute Itsas Arte proiektua.
Ondarretako tunela birmoldatzeko proiektuan parte hartu duten enpresa eta erakundeetako ordezkariak, udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Itsasoa eta lurra, zubipean
Victor Goikoetxea artistari berari otu zitzaion Ondarretako tunela birmoldatzeko ideia. Espazio handiak egokitzen aditua da Goikoetxea, baina proiektu hau erronka gisa hartu du: “ez dut nahi proiektu polita edo itsusia izatea; jendea harrituta geratzea nahi dut”.
29 metro ditu tunelak, eta
sabaia da artelan bihurtuko duena. Lurraren eta itsasoaren elementuak erabiliko ditu espazio berean. Batetik, arroka zatiak, harriak eta pigmentuak erabiliko ditu testura ezberdinak sortzeko. Eta bestetik, ura eta urak eragiten dituen sentsazioak sortzeko, argia, distirak eta elementu leunak erabiliko ditu.
“Itsasoak eta lurrak bat egiten duten gunea” da tunela Goikoetxearen ustez, eta bere proiektua ere oreka horretan oinarrituko du. Egileak berak azaldu duenez, artea, arkitektura, teknologia eta energia berriztagarriak uztartuko ditu proiektuak. Izan ere, puntako argiteria erabiliko dute argiaren mugimenduarekin ur-azpiko sentsazioa sorrarazteko, esaterako.
Tunela zeharkatzean, gainera,
herritarrek energia sortuko dute beren pausoekin. Horretarako baldosa bereziak jarriko dituzte Ondarretako aldean. Sortutako energia horrekin informazio taula bat piztuko da, tuneletik igaro diren oinezko kopuruaren berri emanez, artelanaren beraren gaineko informazioa, hiriko datu intersgarriak edo proiektuaren inguruko iritzia emateko aukera eskainiz.
Uda baino lehen eraldaketa amaitua egotea aurreikusi dute.