Pedro Almodovarren 'Julieta' filmaren kritika egin du Miren Maniasek.
Irutxuloko Hitza
Isiltasunaren kalte eraginak
Filma: Julieta, Pedro Almodovar (2016).Egilea: Miren Manias, ikus-entzunezko komunikazioan doktorea
Zazpi eta erdi. Hori da hamarretik nik jarritako puntuaketa Pedro Almodovar zinemagilearen azken lanari, izan ere, gozatu dut Julieta (2016). Uste baino gehiago gainera. Aukerarik ez, edota kritika txarrek bultzatuta, aspaldian ez nuen ikusirik haren lanik berriro, 2006an izan zen azkena: Volver. Lan horrek Penelope Cruz espainiar aktorea zuen protagonista, eta Julieta-k, berriz, herritartasun bera duen aspaldiko aurpegi ezagun eta interpretazio indartsua berreskuratzen du: Emma Suarez (Julieta). Hain zuzen pertsonaia hori da istorioaren oinarria, haren bitartez kontatzen da alaba desagertu aurreko eta osteko pasarte iluna.
Julietaren samin hori (ez) kontatzeko Almodovarrek berreskuratzen ditu forma eta kolore biziak (gorria, horia eta urdina) -bai eta horien arteko talka ere-; pertsonaia sendo eta aldi berean hauskorrak; denboran atzera eta aurrera etengabe salto egiten duen narrazio eredua; patxadarik gabeko erritmo aberasgarria; Alberto Iglesias autorearen musika dotorea; etab. Alegia, haren zinemaren marka definitzen duten ohiko elementuak. Horietan sostengatzen da Julietaren muturreko egoera dramatikoa, eta horien bitartez egiten du aurrera istorioak. Filmari, baina, Silencio izena jarri zion hasiera batean (Martin Scorseseren azken lanarekin ez nahasteko aldatu zuen) eta esango nuke hitz horretan behar duela egon istorioaren irakurketak.
Inolako azalpenik eman gabe, orain hamabi urte ihesi joan zitzaion alaba berreskuratu nahi du Julietak, barruan daraman mina askatu eta aurrera egin. Egoera horri buelta emateko, beraz, azken aukera izango da hari zuzendutako eskutitza idaztea. Behingoz bada ere, azaltzeko haren aita hil zen egunean benetan zer gertatu zen. Hain justu, urteetan alabak inposatutako isiltasun hori hausteko. Horregatik, badirudi benetan gertatzen den horretaz mintzatzen dela filma, baina Almodovarrek nahi du azpimarratu hain justu kontrakoa. Hau da, esaten ez den hori, eta senideen arteko isiltasunak eragin ditzakeen kalteak.
Onerako eta txarrerako, film baten aurrean aurreiritziak alde batera uztea kostatzen zait askotan, are gehiago zinemagilearen ibilbidea jarraitu badut. Almodovarren kasua, baina, gorabeheratsua izan da oso. Oraingo honetan, berriz, sasoiko itzuli dela esango nuke.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea