Kontxatik pasatzen diren oinezkoak eta txirrindulariak zenbatzeko gailu bat jarri du udalak
Frogak egiten ari dira, eta astelehenean jarriko dute abian.
Donostiako Udalak pertsonak eta bizikletak zenbatzeko gailu bat jarri du Kontxa pasealekuan, La Perlaren ondoan. Helburua da, bertatik pasatzen diren pertsona eta bizikleta kopurua ezagutzea. Bi sentsore jarri dira bertako kale-argi batean, bertatik igarotzen diren oinezkoak zenbatzeko. Bidegorrian ere sentsoreak jarri dituzte bi norabideetan pasatzen diren txirrindulari kopurua ezagutu ahal izateko.
Sentsore bakoitzak DinyCONT software sistemari bidaliko dio informazioa, eta sistema horrek eguneroko datuak gordeko ditu. Datu-konparazioak egingo ditu, eta unean zenbat pertsona zein txirrinda pasatzen diren ezagutzeko aukera emango du, baita batez besteko okupazioa eta okupazio une garrantzitsuenak ere.
Sentsoreen ondoan makina bat dago. Bertan erakutsiko dira eguneroko datuak – bai oinezkoenak, bai bizikletenak – eta pertsona kopuru gehien pasa den eguna eta datua egongo dira uneoro ikusgai. Gainera, makinak hiriko informazio interesgarria erakutsiko du.
Zenbatzeko gailua atzo jarri zuten, eta aste osoan frogak egiten egongo dira. Astelehenetik, apirilaren 18tik aurrera, abian jarriko dute.