Larunbata arte 15.000 oinetako pare jaso zituzten; laster emango dute lortutako kopuruaren berri.
Herritar andana bildu zen atzo Zuloaga plazan, #KatiuskaErronka egitasmoaren ekitaldi nagusian. (Argazkia: Donostia Kultura)
Donostia Kulturako langile batzuen ekimenez sortutako elkartasunezko proiektua da
#KatiuskaErronka egitasmoa, eta hainbat enpresa, elkarte eta herritarrek beraiekin bat egin dute. Guztiek elkarlanean 15.000 oinetako pare bildu dituzte – hau da joan den larunbata arteko datua-. Gerratik ihes egin duten errefuxiatu askoren oinak lehor eta bero mantentzeko eta gaixotasunak saihesteko lagungarri izango dira katiuska eta mendiko bota hauek guztiak.
Atzo, igandea, bildutako oinetako guztiekin argazkia egin zuten Zuloaga plazan. Oinetakoak jasotzeko azken eguna zen atzokoa, eta laster emango dute egitasmoan bildu diren oinetako pare kopuruaren berri. Hurrengo egunetan bidaliko dituzte Lesbos-era eta errefuxiatuen beste zenbait kanpalekuetara.