Hondakin organikoen kudeaketa izango dute hizpide Uliako parkean
Donostiako Udalaren Joko Garbia programaren bidez, joan den urtean jarri zuten abian Uliako auzo-konpost gunea. Mintegi zaharretan daude konpostaguneak, eta auzoko bederatzi familiak erabiltzen dituzte. Irailaz geroztik bi konpostagailu bete dituzte.
Etxeetan sortzen diren hondakin organikoak jasoz parkerako ongarria sortzen ari dira uliatarrak. Gainera, gaia auzotar guztiengana zabaldu asmoz, Uliako Konpota Astea antolatu dute Uliako Lore Baratzak taldeko kideek. Konposta eta ongarri organikoen inguruko ezagutza handitzea da helburua, baina baita gaikako zabor bilketaren inguruko kezk eta uste okerrak argitzea ere.
Horretarako, Gipuzkoa mailan konposta eta ongarri organikoen kudeaketan diharduten adituak gonbidatu dituzte, eta hitzaldi eta solasaldien bidez, euren ezagutza zabalduko dute.
Gaur arratsaldeko 17:00etan Jon Ander Galarragak eskainiko duen hitzaldi batekin abiatuko da Konposta Astea. Amaitu, berriz, ostegunean egingo dute. Txiki-Foxes programako kideek umorez landuko dute gaia, eta eskuak zikinduz, nola ez. Gainera, zizare erraldoi bat eraikitzen ere hasiko dira, maiatzean auzoan barrena kalejira bat egiteko.
Hona hemen egitarau osoa:
Astelehena, apirilak 18
17:00etan: Konposta esperientziak, Jon Ander Galarragaren eskutik.
18:00etan: Mahai-ingurua: auzo-konposta, ongarri organikoak eta lurraren emankortasuna.
19:00etan: Uliako konpostagailuetara bisita, eta kutxetako ekosistemaren behaketa.
Asteazkena, apirilak 20
Ongarri organikoa egiteko teknikak
17:00etan: Hezieko, zizare konposta
18:00etan: Ximaur pilla, Bokashi bat parkean
Osteguna, apirilak 21
17:30ean: Konpost jolasak familian, eta Uliako zizarea.