Igeldoren herri izaera aldarrikatuko dute
Manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:30ean, Bulebarretik abiatuta.
Igeldoko Herri Kontseiluarekin izan zen martxoan, eta erreportajea argitaratu zuen. Kontseilua Donostiako Udalarekin bitartekaritza lana egiteko sortu zuten 1994. urtean, Igeldoko beharrei erantzuteko. Desanexioa eta igeldotarren hainbat kezka izan zituzten hizpide erreportajean, udalerri bat izatearen aldarria sentimendu kontu bat baino gehiago dela nabarmendu zuten: “Herri sentimendu bat dago, baina behar batzuk ere bai. Igeldok arrisku batzuk ditu Donostian egoteagatik; hirigintza garapenarekin lotutakoak, batez ere, dugun lur eremua kontutan hartuta. 1.200 biztanleko udalerri bat izango bagina, hainbat hirigintza proiektu ezingo lirateke legez proposatu edo egin; Donostiaren barruan egonda, bai”.
Herri txiki, altxor handi. Igeldo udalerri! lelopean manifestazioa egingo dute larunbatean Donostian. Bulebarretik abiatuko dira 17:30ean. Igeldoren herri izaera aldarrikatuko dute, eta beste herri txikien babesa eskatuko dute. Foru araua bertan behera uzteko, eta herri borondatea errespetatzeko exijituko dute larunbateko mobilizazioan.
Sare sozialen bidez iragarri dute asteburuko mobilizazioa, testu honen bidez: “Berdea eta urdina naiz; malda, zelai, baserri, arroka. Plaza, frontoi eta parke. Asko eta asko etorri zarete nigana, pasiatzera, bazkaltzera, festetara… Bertakoek ni udalerri bihurtzeko borondatea adierazi dute askotan. Nik eta ni bezalako askok gure kabuz egin nahi dugu bidea, bizirik irauteko, gure paisai, kolore eta ezaugarriak mantentzeko bide bakarra delako. Guztiok errespetuz goza ditzazuen nire bazterrak. Eskerrik asko zuen babesarengatik”.
IRUTXULOKO HITZA