Kontxako txirrindulari eta oinezkoen kopurua zenbatzeko gailua abian da
Asteburuan frogak egin ondoren, jada abian da Kontxatik pasatzen diren oinezko eta txirrindulariak zenbatzeko gailua. La Perlaren ondoan dago, eta bertatik igarotzen diren herritar guztiek ikus dezakete pantailan ematen duen informazioa. Unean zenbat pertsona zein bizikleta pasatzen ari diren azalduko du, eta okupazio ordu nagusiak zeintzuk diren ere erakutsiko du. Pertsona kopuru gehien pasa den eguna eta datua egongo dira uneoro ikusgai.
Nola jasotzen ditu datuak? Bi sentsore jarri dira bertako kale-argi batean, bertatik igarotzen diren oinezkoak zenbatzeko. Bidegorrian ere sentsoreak jarri dituzte bi norabideetan pasatzen diren txirrindulari kopurua ezagutu ahal izateko. Sentsore bakoitzak DinyCONT software sistemari bidaliko dio informazioa, eta sistema horrek eguneroko datuak gordeko ditu. Datu-konparazioak egingo ditu, eta unean zenbat pertsona zein txirrinda pasatzen diren ezagutzeko aukera emango du, baita batez besteko okupazioa eta okupazio une garrantzitsuenak ere.