Amarako eskoletan egindako batzarra. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Batzar ireki bat egin dute gaur Donostialdeko Metroaren proiektuaren aurkakoek, Satorralaia mugimenduak deituta. Amarako eskoletan bildu dira, eta datozen asteetan egingo dituzten jardueren berri eman dute. Hori egin aurretik, nabarmendu dute ezer ez dagoela erabakita, proiektua esleitzeko izapide garrantzitsuak daudelako egiteko; Trenbide Plan Sektoriala aldatzea, kasu. Esan dute izapide hori gabe ezingo litzatekeela proiektua esleitu, eta aldaketa ez dela egun batetik bestera egingo. Horrenbestez, komunikabideek eta agintariek esaten dutena esanda ere, azpimarratu dute oraindik ez dagoela ezer eginda. Izan ere, herritarrei proiektuak atzera bueltarik ez duela saldu nahi dietela salatu dute, etsipena zabaltzeko, “finantzazioa bera ere ez dagoenean lotuta”.
Hau esanda, proiektuaren aurkako borrokarekin indartsu eta gogotsu jarraitzeko deia egin dute. Honela gauzak, ekainaren 18rako deitutako manifestazioaz gain, sinadura bilketa egingo dute eta etxeko balkoietatik
Metroari Stop lelodun banderolak zintzilikatuko dituzte. Kontxa hondartzan ekintza informatibo bat ere egingo dutela jakinarazi dute.
Era berean, maiatzeko udalbatzarrera eramango dute gaia, eta, aldundiaren araudi berezi bat baliatuta, herri kontsulta bat eskatzeko asmoa dute.
IRUTXULOKO HITZAk erreportaje zabal bat argitaratuko du ostiralean, papereko edizioan, Amaran izandako batzarrean erabakitakoarekin.