Poetaren bizitzaren kontakizuna eta poemak elkartu ditu Aritz Gorrotxategik; Arkaitz Barriola arduratu da ilustrazioak egiteaz.
Aritz Gorrotxategi eta Arkaitz Barriola, liburua eskuetan dutela. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gabriel Zelaia poeta omendu nahi izan du Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak,
Gabriel Celaya 1911-1991 liburuxkarekin. Hain zuzen ere, Zelaia Donostian hil zela 25 urte bete ziren atzo, apirilak 18. Aritz Gorrotxategik idatzi du testua, eta Arkaitz Barriola arduratu da ilustrazioez. Zehazki, iazko
Pentsamendua eta poesia jardunaldietan sortu zitzaion Gorrotxategiri ideia, eta proposamena onartu ziotenez, aurrera egin zuen. Ilustratzaileak, bere aldetik, Zelaia deskubritu duela esan du: “Pertsona aberatsa zen, indartsua eta goxoa; testura aberatsak erabili ditut hori adierazteko”.
Poetaren bizitzaren kontakizuna eta haren poemak elkartu ditu Gorrotxategik. Testua euskaraz idatzia du gehienbat, baina bere poemak jatorrizko hizkuntzan mantendu dituzte, gaztelera. “Harreman berezia izan zuen euskararekin, bazekien zerbait eta ama hizkuntza lapurtu ziotela esaten zuen”, argitu du Gorrotxategik.
Guztira, liburuxkaren 2.500 ale argitaratu dituzte, eta doan banatuko dute. Hiriko kultur etxe eta liburutegietan eskura daiteke, baita
Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira jarriko duten azokan ere, Gipuzkoa Plazan. Horretaz gain, hiriko institutuei aukera eman diete Aritz Gorrotxategiren hitzaldiak jasotzeko, poesiaren garai hori lantzen ari diren mailetan.
Gabriel Zelaia Hernanin jaio zen 1911ko martxoaren 18an, baina egun gutxi zituela ekarri zuten Donostiara, han bizi baitziren gurasoak. Hala, hirian igaro zuen bere haurtzaroa, aita Luis Mujika eta ama Ignacia Zelaia ondoan zituela. Marianistas El Pilar ikastetxean ikasi zuen, eta beti izan zen gelako lehena. Ingeniaritza ikasketak egin zituen Madrilen, eta, ezkondu zenean, Parte Zaharrean bizi izan zen. Poeta estimatua izan zela diote, baina deserosotasuna ere zabaldu omen zuen. Alderdi Komunistan eman zuen izena, eta Gipuzkoako hautagaia izan zenn 1977an. Azken batean, adituen arabera, XX. mendeko poesiaren kezka eta estilo ezberidnen sintesia ezinhobea egin zuela diote.
Koldo Izagirrek bere zazpi poema euskaratu berri ditu.
Susanews Armiarma webgunean topa daitezke. Baita hauek eginiko itzulpenak: Gabriel Aresti, Sabin Muniategi, Jokin Otaegi, Felipe Juaristi eta Pello Zabaleta.
Izen anitzeko poeta
Izen osoa hala zuen: Rafael Gabriel Juan Mujika Zelaia Lezeta Zendoia. Hiru izen izateak aukera eman zion jolaserako. Bere lehen liburua honela sinatu zuen: Rafael Mujika. Kontua da, ordurako lanean ari zela familiaren industria-enpresan, eta Administrazio Kontseilutik esan zioten enpresaren sinesgarritasunari kalte egin ziezaiokeela, baldin eta, zabaltzen bazen, olerkiak idazten zituela ingeniari-kudeatzaile batek. Ondorioz, bere bigarren izen-abizenetara jo zuen, Gabriel Zelaia. Urteek aurrera egin ahala, bere iraganarekin hausteko asmoz, Juan de Lezeta izenarekin ere sinatu zituen liburu batzuk.