Egungo gizartearen lau pizgarri izango dituzte hizpide Tabakaleran, gaurkotasunaren inguruan hausnarketa bultzatzeko.
2016 eta 2017 urteei begira prestatu duen proiektu bat aurkeztu du
Tabakalerak,
Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia izenburupean. Kultura garaikidearen gune gisa, gaurkotasunaren inguruan hausnarketa bultzatzeko moduak aurkitu nahi dituzte, praktika artistikoetatik abiatuta.
Horretarako,
egungo gizarteko lau bizgarri izango dituzte hizpide –tabakoa, kafea, kakaoa eta azukrea–, azterketaren bidez, gai ugari erlazionatuko dituen sare bat osatzeko: exotikoa denaren bilaketa eta elikadura, lan industrialaren sorrera eta natur baliabideen esplotazioa, kolonialismoa edo sentsibilitatearen inguruko teoria berrian agerpena, besteak beste.
Programa horiek guztiak hitzaldi, eztabaida publiko, mintegi, erakusketa, kontzertu eta argitalpenez lagunduko dituzte.
Hala, helburuetako bat da
politikoki, ekonomikoki edo sozialki gertatzen ari direnak ikuspuntu kultural batetik lantzea. “Espero dugu hausnarketa honek egun gertatzen diren gauzak hobeto ulertzen laguntzea”, nabarmendu du Tabakalerako Kultura zuzendari Ane Rodriguezek. Gainera, Tabakalera barneko beste arlo batzuekin ere
elkarlana bultzatzeko baliatu dute proiektua. “Praktika artistikoetatik jaio den proiektu bat izan arren, Hezkuntza sailak eta Ubik sorkuntza liburutegiak parte hartuko dute”, azaldu du Rodriguezek. Baina ez hori bakarrik,
kanpo eragileak ere tartean sartu nahi dituzte. Horren isla dira programan zehar egongo diren pertsona zein profesionalak, “planteatzen ari garenaren inguruan beste ikuspuntu bat eskaintzeko”.
Kafearen kultura
Bada, ostegun eta ostiralean, Tabakalerarekin historikoki lotuta dagoen pizgarri bat jarriko dute mahai gainean: kafea, alegia.
Cafe complot izenburupean, kafea beraren kulturaz hitz egingo dute, Ignacio Etxebarria eta literatura eta pentsamenduarekin harremana duten beste hainbat aditurekin batera,
Z aretoan, 18:00etatik aurrera.
Proiektu artistikoen arduradun Oier Etxeberria eta Tabakalerako Kultura zuzendari Ane Rodriguez, proiektua aurkezten. (Argazkia: Lide Ferreira)
PROIEKTUAREN PROGRAMEN EGUTEGIA:
- Apirilak 21-22. Cafe Complot.
- Apirilak 28. Kearen politikak: Xabier Arakistain.
- Maiatzak 12. Korapiloak.
- Maiatzak 21. Nondik dator zure gosaria?
- Maiatzak 26. Kearen politikak: Danele Sarriugarte.
- Ekainak 9. Korapiloak: Cristina Camara.
- Ekainak 11. Nondik dator zure gosaria?
- Ekainak 15-17. Bizigarriak, kolonialismoa eta Ginea Ekuatorialaren eta Euskal Herriaren arteko ibilbideen gurutzaketa.
- Ekainak 30. Kearen politikak: Valentin Roma.
- Uztailak 15-16. Ezorduan.
- Irailak 28-30 / urriak 1. Hiru zirkulazioak: substantzia aktiboa.
- Urriak 27. Kearen politikak: Esteban Zamora Godoy.
- Azaroak 17-19. Ezorduan.
- Azaroak 24. Kearen politikak: Josebe Martinez.
- Abendua. Nondik dator zure gosaria?
- 2017. urtean, erakusketa eta hiru zirkulazioak: substantzia aktiboa.