Zardoya Otis igogailu enpresa izango da Zubietako industriaguneko lehena
2017. urte hasieran eraikuntza lanak hasi, eta 2019rako Eskuzaitzetan jardutea espero dute.
Donostiako Udalak eta Zardoya Otis enpresak hitzarmen bat sinatu dute, igogailu enpresak bere jarduna Zubietako industriagunera eraman dezan.
Gaur egun Jolastokietan du lantegia Zardoya Otis-ek, Altzan. Baina inguru horretan birmoldaketa bat egiten ari da udala, eta industria eremua kendu nahi du bertatik, hirigintza proiektuak “jarraipen orekatu” bat izan dezan. Hala azaldu du Eneko Goia alkateak, enpresako ordezkariekin egindako prentsa agerraldian.
Jolastokietako jarduera industriala ia hutsala da. Mario Abajo Zardoya Otis enpresako administrazio kontseiluaren lehendakariaren esanetan, “etxez inguraturik geratzen ari da lantegia, irla moduko batean”, eta bertatik alde egiteko garaia dela uste du.
Dena dela, aldaketak bere denbora beharko du. Datorren urte hasieran ekingo diete Zubietako enpresa berriaren eraikuntza lanei, eta 2019rako bertan lanean aritzeko moduan izatea espero dute. Bitartean Altzako lantegian jarraituko dute, “bezeroek aldaketarik ez sumatzea” baita helburua.
Ia 200 langile ditu Zardoya Otis enpresak Donostiako lantegian; 367 Euskal Herri osoan, eta 5.000 langile guztira. 750 milioi fakturatzen ditu urtean, horietatik 75 milioi Altzako lantegian.
Ekoizpenari dagokionez, 50 mila igogailu egiten dituzte urtean Jolastokietan, eta abiadura mugatzeko beste 45 mila gailu.
Eneko Goia alkatea pozik agertu da Zardoya Otis enpresak hirian geratzeko hartu duen erabakiarekin: “garai zailak dira, eta albiste ezin hobea da hiriko enpresarik puntakoenetariko bat bertan gelditzea”. Igogailu enpresaren erabakiari jarraituz, Zubietako industriagunea beste enpresentzat ere eredu bihurtzea espero dute udal ordezkariek.
Bertako enpresak geldiarazi eta berriak erakartzeko eskura dituen baliabideak erabiltzeko konpromisoa erakutsi du udal gobernuak. Zubietakoa Gipuzkoako industriagunerik handiena izango da milioi bat metro koadroko azalerarekin. Guztiak ez dira Donostiako Udalarenak: %55 udalarenak eta %45 Eusko Jaurlaritzarenak.
Zardoya Otis enpresak 17 mila metro koadro hartuko ditu, eta 22 milioi dolar bideratuko ditu Zubietako lantegi berrirako.
Gaur sinatu duten hitzarmenaren arabera, udalak bi neurri hartuko beharko ditu. Batetik, Jolastokietako industriagunea etxebizitzak eraikitzeko moduan egokitzeko bertako Hirigintza Plan Orokorra aldatu beharko du.
Eta bestetik, Eskuzaitzetako lursailak erosi ahal izateko lehiaketa publikoa jarriko du abian. Gainera, eremua egokitzeko elektrifikazio eta lur mugimenduak egiteko aurrekontua onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, 3,5 milioi euro.