Saharan dagoen mina bakoitzeko, lore bat
Donostiako hamahiru ikastetxetako mila neska-mutilek baino gehiagok loreak egin dituzte azken hilabeteotan. Oihalarekin, kartoiaren eta paperarekin egin dituzte. Ikasle horien erdia bertaratu dira gaur San Telmo Museora Mohamed Moulud Yeslem artistari loreak emateko. Ekitaldi hau Mina bakoitzeko, lore bat izeneko proiektu pedagogikoaren gailurra da. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Donostiako lagunek eta DSS2016EUk koordinatu dute proiektua, eta helburua izan da Lehen Hezkuntzako ikasleei Mendebaldeko Sahararen egoera ezagutaraztea, eta herrialde hori zeharkatzen duen minaz inguraturiko 2.720 kilometroko harresiaren ondorioak salatzea da. Bi erakunde horien artean gida didaktiko bat egin dute irakasleentzat zein ikasleentzat, azken horiek kontzientziatzeko; bai Mendebaldeko Sahararen egoerari buruz, bai harresi horrek, bai munduko beste batzuek urratzen dituzten giza eskubideei buruz.
Ekitaldia Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Donostiako lagunen ongietorriarekin hasi da. Ondoren, artistak eskerrak eman dizkie parte-hartzaile guztiei laguntzeagatik. Izan ere, zenbait urte darama Mina bakoitzeko, lore bat asmo handiko proiektuan lan egiten. Helburua Lotsaren Harresia delakoaren parean landatuko diren hamar milioi lore lortzea da, modu sinbolikoan bertan lurperatuta dauden pertsonen kontrako hamar milioi minei aurka egiteko. Mohamedek errealitate horren inguruko kontzientziazioa zabaldu nahi du horrela.Azkenik, haurrek loreak lurrean ipini dituzte, mosaiko koloretsu bat sortuz.
Maiatzean artista Saharara joango da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Donostiako bi ordezkarirekin eta berekin eramango ditu neska-mutil donostiarrek egindako loreak. Igeldo, Orixe Ikastola, Intxaurrondo Ikastola, Jakintza Ikastola, Aitor Ikastola, Arantzazuko Ama Ikastola, Mendiola, Amara Berri, Harri Berri-Oleta, Zuhaizti Eskola, Intxaurrondo Hegoa, Ikasbide Ikastola eta Astigarragako Herri Eskolako ikasleek parte hartu dute.