Atariak lehen mailan jarriko ditu udalak
Ekainean onartuko dute genero ikuspegitik landutako eraikuntza ordenantza berritua.
Donostiako Udalak prest du eraikuntzetarako ordenantza aldatzeko dokumentua. Genero ikuspegitik landu dute ordenantza berria, hiriko puntu kritikoen mapa osatzen ari diren emakume talde eta elkarteen eskariei men eginez.
Gaur egun indarrean dagoen ordenantza 1998. urtekoa da, aldaketa batzuk izan baditu ere. Orain udal gobernuak proposatutako aldaketek atariei eta etxebizitzetako sarrerei eragingo diete batez ere.
Atariak kale nagusietan egin beharko dira, jendea ibili ohi den kaleetan. Eta ez eraikinaren atzealdean edo zokoetan. Gainera, gardenak eta ongi argiztatuak izan beharko dute atariek. Hau da, barnealdetik kanpoaldera, eta alderantziz, ondo ikusteko moduan. Horretarako, eraikuntza material gardenak erabiliko dira, eta argi automatikoak edo beti piztuta egoten direnak.
Hortaz gain, fatxadaren maila berean egin beharko dira aurrerantzean atariak; eta hala ez bada, gehienez metro erdi atzeratuta.
Larrialdi irteerei dagokionez, hauek ezingo dute zuzenean atarira eman, aparteko irteera bat izan beharko dute. Eta atarietatik garajeetarako ateak giltza bidezkoak izan beharko dute.
Neurri hauekin guztiekin “herritarren, eta bereziki emakumeen segurtasuna” bermatu nahi dutela adierazi du Enrique Ramos Hirigintza jasangarriko zinegotziak.
Aldaketak behar dituen izapideak kontuan izanik, ekaineko udalbatzarrean onartzea espero dute ordenantza berria. Dena dela, etxebizitzen eraberritzeetan eta eraikuntza berrietan dagoeneko aintzat hartzen ari dira genero ikuspegia.