Birziklapena bultzatzeko labirintoa jarri dute Easo plazan
Birziklabirintoa maiatzaren 4a arte bisitatzeko aukera egongo da, zozketa eta guzti.
San Marko Mankomunitateak birziklatzearen labirintoa muntatu du Easo plazan: Birziklabirintoa. Ecoembes eta Ecovidrio enpresen laguntza izan du, eta biak ere oso harro agertu dira mankomunitatearen birziklatze tasengatik. Edonola, kopuruak beti hobetu daitezkeela adierazi dute arduradunek, eta horixe du helburu Birziklabirintoak. Herritar guztiei gonbita luzatu diete labirintoan sartzeko; bertan, etxeko hondakinak ongi sailkatzen ote dituzten jakingo dute bisitariek. Labirintoaren irteera topatzen tarte atsegina igaroko dute partaideek, eta hondakinen sailkatzearen inguruko zalantzak argituko dituzte. Labirintotik irtetean, proba erraz bat igaro beharko dute, eta ongi egiten badute, parte hartuko dute bi lagunentzako bazkari baterako zozketan. Birziklapenaren bidez, ingurumena zaintzeko bidean murgiltzea nahi dute, sentsibilizazioa bultzatuta.
Eli Pinedo eta Matxalen Ziarsolo Bera Bera Eskubaloiko jokalariak dira kanpainaren irudia. Azken batean, talde lanaren garrantzia azpimarratu nahi dute kanpainaren bidez, bi helburuetarako beharrezkoa baita: birziklapena eta kirol lorpenak. Hala, Bera Bera zoriondu dute lortu berri duten koparengatik.
Birziklabirintoa maiatzaren 4a arte egongo da zabalik.
ORDUTEGIA.
Astegunetan: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Larunbat eta igandeetan: 10:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.