Egile gehien dituen Donostiari buruzko liburua osatu nahi dute
Donostiapedia proiektua abian da jada, herritarren eta erakundeen partaidetzari esker.
Donostiapedia, horixe da Donostia 2016 fundazioak partaidetza bultzatzeko abian jarri duen proiektu berria. Helburu argia du, Interneten dagoen Donostiari buruzko informazioa gehitzea, eta egile gehien dituen Donostiari buruzko liburua idaztea. Horretarako, erakunde eta herritarren arteko auzolana behar-beharrezkoa da, eta aurkezpen baten bidez deia zabaldu dute bultzatzaileek.
Wikipediaren hamabosgarren urteurrena erabili dute aitzakiatzat, Donostiapedia sortzeko. Egun, 38 milioi sarrera baino gehiago biltzen ditu wikipediak; 287 hizkuntzatan ditu sarrera horiek, eta kopuruari dagokionean 31. postuan dago euskara.
Wikipedian Donostiari buruzko informazioa gehitu nahi du Donostiapediak; eta, horretarako, herritarrek eta elkarteek artikuluak idaztea eta ekarpenak egitea nahi dute; euskaraz eta gaztelania izango dira informazioa idazteko hizkuntza nagusiak, baina hizkuntza guztiak ongietorriak izango direla adierazi dute. Ekarpen horiek modu digitalean edo paperean egin daitezke, bakoitzak bere ezagutzak gehituz. Lan hori koordinatu eta dinamizatzeko, wikilari egoiliarren programa jarri dute abian. Beraz, bere ekarpenak egin nahi dituenak jo dezake jada hiriko liburutegietara, edo posta elektroniko bat idatz dezake, helbide honetara: hirikia@dss2016.eu.
Bakea, Haur eta gazte literatura eta Zientzia izango dira wikilariek landuko dituzte arlo nagusiak.
Hilero antolatuko dituzte ikastaro, erakusketa, batzar eta bestelako ekimenak Donostia Wikipedia hiri bihurtzeko asmoarekin.
Liburu zuria
Herritarrek Wikipedian egingo dituzten ekarpenak oinarri hartuta, aditu-talde baten laguntzarekin, 2016 urtearen amaieran argitaratuko dute egile anitzeko liburua. Zurian dagoen liburu bat du abiapuntu lanak, aurkibidea baino ez daukana. Liburuaren Egunean zabalduko dute, lehen aldiz, Donostiapediaren liburu zuria, eta ekarpenak jasotzeko bide analogikoa izango da. Liburuaren aurkibidea osatu dute oinarri gisa, eta hau da:- Geografia
- Historia
- Gizartea
- Arkitektura, eraikinak
- Ekonomia
- Kultura
- Hedabideak
- Kirola
- Hezkuntza
- Donostiarrak