Garoako udaberriko egitaraua abian da
Garoa liburu dendako programazioak ez du etenik. Groseko Zabaleta kaleko denda abentura gisa abiatu zuten, baina egitasmoak jada auzoan eta hirian bere lekua bereganatu du: “Izerdi askoren emaitza, poz askoren iturri”. Donostiako komunitatea geroz eta handiagoa dela adierazi dute Garoakoek, eta bide beretik lanean jarraituko dute, elkarlanean, eta kulturaz disfrutatzen. Pixkanaka, Zarauzko fenomenoa Donostian ere ematen ari dela uste dute.
Ekaina arte Garoan izango diren ekitaldiak aurkeztu ditu Groseko liburu dendak. Lucia Baskaranek bere lehen liburua aurkeztuko du: Partir. Bihar, ostirala (19:30), izango da Donostiako Garoan, Leire Palacios kazetariarekin batera. Larunbatean, Liburuaren Egunean, Gipuzkoa plazako liburu azokan izango dira. Harkaitz Cano idazlea euren postuan izango da liburuak sinatzen, 18:00etan. Aritz Gorrotxategik, Pello Otxotekok, Juan Ramon Makusok eta Felipe Juaristik Muga liburua aurkeztuko dute apirilaren 28an, osteguna (19:00). Poesia antologia elebidun bat plazaratuko dute. Maiatzaren 14an, Hasier Larretxeak De un nuevo paisaje liburua aurkeztuko du, 12:00etan.
Paperezko kontzertuetan, Mikel Urdangarin izango da gonbidatuetako bat. Maiatzaren 13an, ostirala, Pasaian joko du, Albaola faktorian. Hurrengo egunean, larunbata, Donostiako Garoan ariko da (20:00), eta hurrengoan, igandea, Zarauzko Garoan (11:30). Ekainaren 5ean Eñaut Elorrieta izango da Donostiako Garoan (12:30). Sarrionaindiaren tetsuetan oinarritutako kontzertua emango du. Gari Berasaluze ariko da moderatzaile lanetan.
Alejandro Cao de Benos ere izango da Garoan Descubriendo Corea del Norte gaiaren inguruan. Maiatzaren 6an, ostirala, Donostian, eta maiatzaren 7an, larunbata, Zarautzen. Ipar Koreak Europan daukan ordezkari bakarra da. Solasaldiak ikusmin handia piztuko duelakoan daude, eta beraz, gonbidapena eskuratu beharko da Garoan bertan. Cesar Renduelesek Capitalismo Canalla liburua aurkeztuko du. maiatzaren 19an, osteguna, 19:00etan. Kapitalismoa aztertuko du literaturaren bidez.
Liburu aurkezpenak, eztabaidak, kontzertuak, literatur solasaldiak…