Belartzaren handitzearen aurkako mugimendua sortu dute Añorgan
Batzar irekia egingo dute herritarrek larunbatean, Errekatxulo babesteko deia eginez.
Añorgako bizilagunak haserre daude, Belartza industriagunea zabaltzeko proiektua dela eta. Auzotarrak mugitzen hasi dira, Errekatxulo Babestu izeneko orria sortu dute Facebooken, eta dagoeneko bilera bat baino gehiago egin dituzte. “Poligonoa handitu nahi dute, mendiak txikituz. Proiektua oso aurreratua dago, eta sekulako txikizio naturala egingo dute, añorgatarron bizi ereduaren aurka”, dio bizilagunen kexak. Gainera, Donostiako Udalak proiektua ezkutuan daramala diote.
Belartza 2 izeneko industriagunea ez eraikitzea da añorgatarren nahia. Horretarako, bihar, apirilak 23, larunbata, batzar irekia egingo dute, 10:30ean, Jolas Etxean.