Igande arratsaldean itxiko dute denboraldi batez, jabe berriak lanean hasi arte.
Jose Miguel Gonzalo, Narrika tabernako plantxan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Zenbat ke bota ote du Parte Zaharreko Narrika tabernako plantxak. Horixe da, hain zuzen ere, euren berezitasuna: plantxan egindako jakiak, txanpiñoiak, esaterako.
Jose Miguel Gonzalo eta Araceli Cascallar senar-emazteak, eta Mari Carmen Cascallar azken honen ahizpak
39 urte daramatzate tabernan lanean, eta erretiroa hartzeko garaia heldu zaiela erabaki dute.
Igandean utziko dute taberna.
Dena dela,
jabe berriek hartu dute dagoeneko lekukoa, eta azken egunotan tabernaren martxa ikasten ari dira. “Errezeta guztiak erakusten ari gara, beraz, jakiak beti bezain goxo, edo goxoago prestatzea espero dugu”, esan du Gonzalok umorez.
Egun batzuetan itxita egongo da Narrika taberna, baina betiko eskaintzarekin jarraituko dute gero.
Gonzalok onartu du pena pixka bat ematen diela taberna uzteak: “azken aste hauek gogorrak izaten ari dira, betiko bezero asko, banatzaileak eta langunak ere etortzen ari zaizkigu agurtzera, eta pena ematen digu, egia esan”. Dena dela, urte gogorrak ere bizi izan dituztela aitortu du: “lan asko egin dugu hemen, bizitza osoa eskaini diogu tabernari, eta atseden hartzeko garaia heldu zaigula uste dut”.
Erretiroa hartu ondoren tabernako lanik gabe bizitzen asmatuko ote duten kezka apur bat ere badute familiako hiru kideek: “hasteko behintzat, oporretara joan beharko dugu”, esan du Gonzalok barrezka.
Igande arratsaldean itxiko du tabernako pertsiana azken aldiz Gonzalok. Aurretik ordea,
debaldeko jan-edana eskainiko dute, urte hauetan guztietan barraren beste aldean izan dituzten bezero guztiekiko esker onez.