Hiriko ondare historiko eta artistikoa babesteko batzorde bat sortzea proposatu du EH Bilduk
Mirakruz kaleko 19. zenbakiko eraikina, Arte Ederren eraikina, badira herritarren artean kezka sortu duten kasuak, eta ziurrenik ez dira kasu bakarrak izango.
Horregatik, hiriko ondare historiko eta artistikoa babesteko batzorde bat sortzea proposatu du EH Bilduk. Eskaera erregistratu dute dagoeneko, eta gainerako taldeen oniritzia jasotzea espero dute.
Izan ere, Ricardo Burutaran, EH Bilduk zinegotziak azaldu duenez, loteslea ez izan arren, “batzorde honek hiriko eraikin berezien jarraipen bat egingo luke, eta gaur egungo egoera asko saihestuko lituzke”.
Udal ordezkariek, ondarearen defentsan adituak diren elkarteak, eta hiriko ondarea babesteko interesa duten herritarrez osatutako batzordea izango litzateke proposatutakoa; 15 bat lagun guztira. Burutaranen arabera, batzordeko kideen artean ezinbestean egon beharko lukete Arkitektuen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat; Arkitektura Eskolako Teknikoko kide bat; eta Arte Ederren eskolako edo Artearen Historiaren eskolako beste batek.
Izaera aholku-emailea luke taldeak, baina Donostiako Udalaren erabakietan eragina luke. Eraikin baten eraiste edo egokitze eskari bat jasotzen den bakoitzean, esaterako, kasuaren azterketa egin eta bildutako informazioarekin txosten bat egitea litzateke batzordearen lana. Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Berezia aldatzeko proposamenak egiteko eskumena ere baluke.
Ondare historiko eta artistikoa babestuko dela bermatzea da, hortaz, zeregina, baina baita dibulgazio lana ere. Hau da, ondarearen babesaren inguruan lan egiten duten elkarteen arteko elkarlana sustatu eta hiriko ondarearen jarraipena egingo luke batzordeak.
30 artikulutako proposamen zehatz bat aurkeztu du EH Bilduk. Onarpen izapide guztiak egiterako hilabete batzuk igaroko dira, baina aurrera egingo duelakoan daude alderdiko kideak.