Beatriz Infanta kalean kokatuta dagoen eraikinaz gain, Kristina Infanta kaleko beste bat ere babesteko eskatu du Ancora elkarteak.
Ondarreta Eneako informazio kartela, Txomin jatetxearen eraikina atzean duela. (Argazkia: Lide Ferreira)
Eduardo Legarde arkitektoraren eraikina ondare bezala babestuta egon zen 2009 urte ingurura arte. Egun, baina, ez du inongo babesik Beatriz Infanta kaleko lursailak. Urte askotan zehar ezaguna izan den Txomin jatetxea egon da bertan. Bada, aurki eraikina botako dute, luxuzko etxebizitzak egiteko. Orotara, hiru solairukoa izango da eraikin berria, eta 92 eta 128 metro koadro bitarteko sei etxebizitza eskainiko ditu. Halaxe dio eraikinaren aurrean ikusi daitekeen kartelak: “Sei etxebizitza kooperatiban, goi-mailakoak, kostu prezioan; terraza zabalarekin, garajea eta trastelekua barne”.
Promozioaren informazio guztia euren webgunean dute.
Era berean, Kristina Infanta kalean dagoen Kanimar eta Kanasi izeneko etxea eraisteko baimena ere emanda dagoela adierazi dute Ancora elkartetik. Egoera horren aurrean, Hirigintza zinegotziarekin bilera bat eskatu dute, bi eraikin horiek babesteko. “Txomin jatetxearen eraikina 1929koa da, balio handia du arkitektonikoki eta estilo neoeuskaldunaren adibide oso argia da”, azaldu du Alberto Fernandez historialari eta Ancorako kideak. Beste eraikina, berriz, Manuel Ignacio Galindez arkitekto ezagunaren lan bat dela esan du Fernandezek: “Duela gutxi birgaitu zuten; beraz, kontserbatze-egoera bikainean dago. Ingalaterrako arkitekturan oinarrituta dago, eta egile horrek Donostian egin duen lanik onena kontsideratzen da”.
Ondarreta Enea izango denaren irudi bat. (Argazkia:
Hala, eraikin horiek babesteko eskaerak aurkeztu dizkiote Donostiako Udalaren Hirigintza sailari, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Ondarretako gune osoa babestu eta monumentuen multzo izendatu dezan. Ondare artistiko eta historikoa babesteko ideiarekin lotuta, batzorde bat egiteko proposamena luzatu du EH Bilduk.