Txantxarreka gaztetxearen aldeko pilota jaialdia egingo dute gaur Antiguako frontoian. Azken lapurretatan galdutakoa berreskuratzeko laguntza behar dute.
Txantxarreka.
Gutxienez bi aldiz lapurtzera sartu dira Antiguako Txantxarreka gaztetxean. Joan den urtearen bukaeran proiektorea ostu zieten: «Norbait atzeko atetik sartu zen, ez zuten atea indarrez ireki. Hainbat ekitalditan bildutako diruarekin erosi genuen proiektorea lapurtu ziguten», azaldu du Jon Agirre gaztetxeko kideak.
Handik gutxira, berriz sartu ziren, musika-mahaia lapurtu zieten. Kolpe latza Txantxarrekarentzat: «Gaztetxean lapurreta egiteaz gain, hainbat kalte eragin zituzten. Ate bat hautsi zuten, besteak beste. Eta musika-mahairik gabe geratu ginen. Horrenbesteko esfortzua egin genuen hura lortzeko… Saiatzen zara gauzak hobetzen, eta lortzen duzunean, norbaitek zapuztu egiten dizu».
Zailtasunak zailtasun, egoerari buelta eman, eta galdutakoa berreskuratzeko lanean gogor hasi ziren: «Erabaki genuen indarra eta energia erakusteko unea zela. Oso baikor eta umoretsu ekin genion urteari, 2016an kulturak goia joko du lelopean».
Jendearen kontzientzia piztea zuten helburu: «Gaztetxea denona da, eta gaztetxean lapurtzea denon kalterako dela plazaratu nahi genuen». Auzoko sansebastianetan egitarau zabala prestatu zuten Txantxarrekan, eta La Otra kantautoreak bertan jotzea lortu zuten: «Guretzat lorpen izugarria izan zen. Gainera, gaztetxea lepo bete zen. Harrera bikaina izan zuen».
Egoerari buelta ematea
Poliki-poliki jarduera gehiago antolatzen ari direla adierazi du Agirrek. Gaurkoa, adibidez. Pilota jaialdia egingo dute gaur iluntzean, Antiguako frontoian (21:30). «Espero dugu jendea etortzea, eta Txantxarrekaren egoerari buelta eman ahal izatea jendearen babesari esker. Geneukan material hori guztia berreskuratu nahi dugu. Oraingoz beste batzuena erabiliz egiten ditugu proiekzioak eta kontzertuak, baina hori ez da aurrera egiteko modua».
Pilota, festa eta elkartasuna izango dira nagusi. Ikuskizun eder bat osatzeko osagai erakargarriak lortu dituzte: lau auzotarren arteko apustu bat eta Mikel Goñi pilotaria. Zergatik pilota jaialdi bat? Auzoko jaietako pilota txapelketan giro ederra piztu zen, eta Antiguako frontoia berriz ere une zirraragarriz bete nahi zuten.
Lau auzotarren apustua
Auzoko pintxo pote baten beroaldian sortutako apustuari heldu beharko diote Lesek, Ozaetak, Pottik eta Largok. 300 euro daude jokoan. Agirreren ustez, pilota jaialdiko amu nagusia da: «Jaietan sekulako giroa egon zen txapelketan, ea oraingoan ere jendea animatzen den!».
Les eta Ozaeta, Potti eta Largoren kontra ariko dira. Beraiekin piztuko da giroa frontoian. Ondoren, Mikel Goñiren partida hasiko da. Orain ez da pilotalekuetako izarra, baina karisma gehien duena dela ezin uka. Beste profesional ohi batekin, Saralegirekin batera ariko da, Antiguako Baez II eta Hernaniko Gorrotxategiren aurka.
Gainera, ikusleek apustuak egiteko aukera izango dute, eta zozketarako txartelak erosiz gero, pilota jaialdia babestu duten jatetxeetan –Trikuharri, Drinka eta Platero– afariak, Arimasagasti behi gazta bat eta Goñik sinatutako elastikoak lortu ahal izango dituzte, baita Irutxuloko Hitzaren urtebeteko harpidetza ere.
Musika, festa giroa, pilota eta elkartasuna. Ikuskizuna ziurtatuta dago gaur Antiguan. Eguraldi txarrak ere ez du zapuztuko Txantxarrekaren festa, frontoia estali egingo dute toldo batzuekin, eta ez da inor bustiko.
Oraindik sarrera erosi ez dutenek, Platero eta Bodegon tabernetan 6 euroan eskuratu ahal izango dituzte arratsaldera arte. Gauean, frontoian bertan, 8 euroan izango dira salgai.
Udarako proposamenak
Nahikoa lan izan dute gaurko ekitaldia antolatzen, baina Txantxarrekaren programazioak ez du etenik izango. Udarako «ekitaldi indartsu bat» antolatu nahi dute. Auzotarrei dei egingo diete denen artean udako egitaraua egiteko: «Agian guk ez dugu beti asmatzen jendeak nahi duena, eta pentsatzen dugu bilera ireki batean askotariko proposamenak atera daitezkeela. Afari-merienda baten bueltan ikusiko dugu auzoak zer eskatzen duen». Jendea parte hartzera animatu nahi dute, «denon artean gauzak askoz hobeto aterako lirateke». Maiatzaren 21ean egingo dute bilera irekia.
Villa Alegriaren lagapena
Udalarekin duten harremanaz galdetzean, berririk ez dagoela adierazi du Agirrek. Izan ere, joan den urtearen bukaeran, Groseko Kortxoenea gaztetxea bota zutenean, gune autogestionatu guztien aurkako erasotzat jo zuen Txantxarrekak, eta Villa Alegriaren –egun Txantxarreka dagoen espazioa– lagapena ez sinatzea erabaki zuten.
Gainera, asanbladaren arabera, lagapenaren baldintzak gogortu zituen udal gobernuak, negoziatu edo hitz egiteko aukerarik utzi gabe. Geroztik, ez dute bilerarik izan: «Guk gurearekin jarraituko dugu, lanean, aurrera egiteko. Ekonomikoki egoerari buelta eman, eta egitarau indartsu bat sortuko dugu».
Eragile askoren bilgunea
Auzoari begira jartzean, Antiguan geroz eta erosoago sentitzen direla esan du Agirrek, eragile askoren gunea bihurtu dela: «Piratek, adibidez, beti erabiltzen dute gaztetxea ekitaldiak egiteko. Antiguako talde feminista Rolak ukatu, harremanak eraldatu ikastaroa egiten ari da hemen ostiralero, Askekintza Animalistarekin ere egin ditugu festa eta ekitaldiak… Izen bat lortu dugu, bai auzoan, bai Donostian»». Eta aurrerantzean ere, auzoko eragile nagusietako bat izateko konpromisoari eutsiko dio .