Zubietarrek ere bat egingo dute herri txikien aldeko manifestazioarekin
Bulebarretik abiatuko da manifestazioa bihar, 17:30ean.
Herri txiki, altxor handi. Igeldo udalerri! lelopean, foru araua bertan behera utzi, eta herri borondatea errespetatzeko exijituko dute biharko mobilizazioan.
Zubietarrek ere bat egingo dute manifestazioarekin, beraien nortasun berezia aldarrikatzen baitute eurek ere. Antolaketa administratibo berezia du Zubietak, Usurbil eta Donostiako udalekin partekatua. 1995. urtean sortu zuten Zubietako Herri Batzarra. Sei kidez osatua dago; Donostiako hiru biztanlek eta Usurbilgo beste hiruk.
Herri txikiek, orohar, euren udalerri izaera aldarrikatzen dute, eta eskumenak nahi dituzte euren baliabideak kudeatzeko. Igeldotarrek, esaterako, udalerri bat izatearen aldarria sentimendu kontu bat baino gehiago dela nabarmentzen dute: “Herri sentimendu bat dago, baina behar batzuk ere bai. Igeldok arrisku batzuk ditu Donostian egoteagatik; hirigintza garapenarekin lotutakoak, batez ere, dugun lur eremua kontutan hartuta. 1.200 biztanleko udalerri bat izango bagina, hainbat hirigintza proiektu ezingo lirateke legez proposatu edo egin; Donostiaren barruan egonda, bai”. Hala adierazi zuten IRUTXULOKO HITZAri eskainitako elkarrizketan.
Biharko manifestazioaren ondoren Ezkio-Itsasoko alkateak hartuko du hitza herri txikien, eta bereziki euren egoera azaltzeko.
Gipuzkoako herri txikien izaera aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute bihar. Bulebarretik abiatuko dira 17:30ean eta herri bakoitzeko ordezkariek euren herriaren izena eramango dute.
Igeldotarrek iragarri zuten manifestazioa sare sozialen bitartez.