Foru arauak herri txikien izaera deusezteko duen arriskuaz ohartarazi dute
Ehunka lagunek protesta egin dute 'Herri txiki, altxor handi. Igeldo udalerri!' lelopean.
Legorreta, Arama, Larraul, Bidania Goiatz, Aia, Elduaien, Ataun, Mutiloa, Alkiza, Leaburu, Ormaiztegi, Gaztelu, Itsasondo, Lizartza, Zerain, Ikaztegieta… 2.500 herritar baino gutxiago dituzten herri txikiek bat egin dute Igeldoko Itsas Aurre-ren deialdiarekin, eta herri txikiek duten balioa aldarrikatu dute gaur arratsaldean egin duten manifestazioan: “Txikitasuna aldarrikatu nahi dugu, asko dugu emateko”.
Ezkio-Itsasoko alkate Garikoitz Aiestak (Donostia, 1979) hartu du hitza manifestazioaren bukaeran. Hain zuzen, Itsaso Gipuzkoako 89. udalerri bihurtuko da aurten. Euren kasua salbuespena ez izateko eskatu dute, eta 2003ko foru araua kritikatu du: “Udalerri bihurtzeko 2.500 herritarren langa gainditu behar dela dio. Herri baten borondatea, ordea, ez da tamainaren araberakoa. Arau honek herri txikien borondatea mugatzen du. Herri txikiak soberan daudela eta desagertzera kondenatuta dauden anakronismoak direla uste dute erakundeek”. Herri txikien izaera galdzeko arriskua erreala dela ohartarazi du Aiestak, eta mehatxutzat jo du foru araua. Herri txiki guztiak batu eta euren izaeraren alde borrokatzeko deia egin du.
Igeldoren desanexioaren alde lanean hasi zirenetik 20 urte dira: “Ondo dakigu zer den Donostiaren parte izatea. Donostiarren betebehar berdinak ditugu, baina gure beharrak azkenak dira beti. Donostiako Udaleko sosak ez dira iristen, eta gure iritzia ez dute kontuan hartzen”.
Bide “latza” izan dela adierazi dute Itsas Aurreko kideek: “Esfortzu handia izan da, eta bide judizialetik jo behar izan dugu. Trabak jarri eta gezurrak esan dizkigute. Lortu izanaren ametsa genuenean, inposaketaren sarean bahitu gaituzte. Zuen begibistako kontraesanek lotsarazten gaituzte. Nola izan daiteke posible Ezkio eta Itsasoren desanexioa, eta ez Igeldorena?”.
Donostiarrei zuzendutako hitzak ere izan dituzte. Igeldotarren ahotsa entzun, eta “erakundeek sinetsarazitako beldurrak” uxatzeko eskatu diete: “Ez gara etsaiak, bizilagunak baizik. Zuek Igeldon gehien maitatzen duzuena babestu nahi dugulako gaude hemen. Jakin ezazue Igeldo Donostiaren barruan mantendu nahi dutenek hori guztia desagerrarazi nahi dutela, espekulazioa sustatuz eta soilik etekin ekonomikoari begiratuz”.