Donostia Up! programaren aurkezpena egin dute gaur udaletxean, erakundeetako eta enpresetako ordezkariekin.
Donostia Up! programaren aurkezpena, udaletxean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Langabezia tasak behera egin du, eta Barne Produktu Gordina haziz doa. Donostiako ekonomia suspertzen ari denaren zantzuak direla adierazi du Ernesto Gasco Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, eta egoera berriaren neurrira egin dute 2016rako garapen ekonomikorako plana.
Gaur egin dute, hain zuzen ere,
Donostia Up! plan berriaren aurkezpena. Izen berria izan arren, Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “aurretik egindako lanaren jarraipen bat” izango da.
Guztira
7.842,176 milioi euroko aurrekontua izango du plan berriak, eta erakundeen arteko elkarlanaren bitartez osatu dute. Hala,
Donostiako Udalak 4.528,772 euroko ekarpena egingo du; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 300.000 euro; Eusko Jaurlaritzak, 1.782,485 euro; eta Europako Batasunak, 1.030,917 euro.
Hiru ardatz nagusi izango ditu Donostia Up! programak:
–
Gazteak
Talentu berriei baliabideak eskaintzea da helburua, kanpora lan bila joan beharrik izan ez dezaten. Eta nazioartekotze bekak ere mantenduko dituzte, atzerrian ikasi edo esperientzia har dezaten. Baina Goiak azaldu duen moduan, “talentua etxean geratzea” nahi dute.
Gazte enplegurako planak ere jarriko dituzte abian, merkataritza, ostalaritza edo turismo alorretan lan egiteko aukerak sortzeko.
-Enpresak
Erakunde publiko eta enpresa pribatuen arteko elkarlanak osatu du garapen programa, 70 eragiletik gora elkartuz. Berrikuntza, nazioartekotzea eta ekintzailetza dira sustatuko direnak.
Horretarako, EKIN programa berritua, Bono Teknologikoak, eta Merkataritza nahiz Ostalaritza sustatzera bideratutako politikak eskainiko dituzte oraingoan ere.
-Auzoak
Hiriko auzoen arteko ezberdintasun ekonomikoa orekatu nahi du Sustapen sailak, eta horregatik ahalegin berezia egingo du auzo txiroenetan.
Altza, Intxaurrondo eta Bidebietan merkataritza, saltokien okupazioa eta gazteen enplegua bultzatzeko programak jarriko dituzte abian. Eta Smart Kalea proiektua ere jarriko dute abian, hau da, energia kontsumo adimentsua garatzeko proiektua.
Egian, suspertze plan berezi bat jarriko dute abian bertako eragileekin batera. Alokairurako laguntzak eskaintzea eta merkataritza-sustapenerako kanpainak egitea aurreikusi dute.
Txomin Enea, Loiola eta Martutenen,
Replicate izango da proiektu nagusia. Europako Batasunetik 11 milioi euro bideratuko dituzte etxebizitzen birgaitze energetikorako. Mugikortasun elektrikoa ere sustatuko dute auzo hauetan, ibilgailu elektrikoak eta hauek kargatzeko guneak jarriz.
Amaran, Antso Jakitunaren hiribidea berriro urbanizatuko dute. Alokairurako laguntzak eskainiko dituzte, eta merkataritza sustapenerako kanpainak ere egingo dituzte.
Egitasmo zehatz hauez gain, Donostia Up! programak kluster ezberdinei eutsiko die, sektorekako programak garatuz. Datorren astetik aurrera, laguntza programa eta proiektu bakoitzaren inguruko informazio zehatza eskainiko dute
Sustapen sailaren webgunean.
Laguntza programa hauek lanpostu berriak, baina batez ere “lanpostu duinak eta iraunkorrak” sortzen laguntzeko balio dutela nabarmendu du Gascok.
2015eko datuei begiratuta, 311 enpresa sortu ziren Ekonomia Suspertzeko Planaren bitartez; 1002 lanpostu.