Gau ederra pasa zuten Antiguan ostiral gauean. Giro izugarria piztu zen Txantxarreka gaztetxearen aldeko pilota jaialdian; ia 300 lagunek bete zuten Antiguako frontoia. Lau auzotarren arteko partidarekin hasi zen gaztetxean azken hilabeteetan izan diren lapurretei aurre egiteko jaialdia, eta une bizi eta zirraragarriak sortu ziren. Publikoa hainbat aldiz altxatzea lortu zuten Lesek, Ozaetak, Pottik eta Largok. Beraiek izan ziren harmailetan festa pizteko gakoa. Azkenean, Les-Ozaeta bikoteak lortu zuen garaipena (22-20). Alex Lesek egin zituen partidako tantorik ederrenak, asko zabalean,
Mikel Goñi eta Ekaitz Saralegi bikotea izan zen beste bikote irabazlea. Joseba Baez eta Aitor Gorrotxategiri irabazi zioten (25-24). Festa giro ederra piztu zen harmailetan, eta Txantxarrekak antolatutako ekitaldiak harrera bikaina izan zuen. Festak Dokan jarraitu zuen, eta jendeak ez zuen Mikel Goñirekin argazki bat egiteko aukera galdu nahi izan. Ohi bezala, ikusmin handia piztu zuen pilotari profesional ohiak.
Txantxarreka gaztetxeak eskerrak eman ditu sare sozialen bidez: “Ikaragarria. Guztiaren gainetik benetan auzo bat badagoela ikusi zen, beharrezkoa den momentu guztietan erantzuten duen auzo bat badagoela. Berriz ere auzo harrotasuna sentitu genuen gau magiko batez. Askotan gauzak ez dira ateratzen nahi ditugun bezala baina horrelako momentuak txute hutsa dira guretzat, zuentzat. Aurrera egiteko potentzial ikaragarria dago, hau guztia bideratzean dago gakoa!”.