Myriam Beneditedi emango diote 2016ko Ibilbide Artistikoaren Saria; eta Nacho Arrietari, 2016ko Dedikazio Saria.
Dantzaren Nazioarteko Eguneko ekitaldietan parte hartuko duten hainbat dantzari. (Argazkia: Lide Ferreira)
Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, XX. Gala ospatuko dute igandean, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Egun bat lehenago, larunbatean,
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Dantza Sarien XIV. ekitaldia egingo du, 17:00etan, Viktoria Eugeniako Klub aretoan.
Aurtengo saridunen artean bi donostiar daude:
Miryam Benedited eta Nacho Arrieta. Beneditedek
2016ko Ibilbide Artistikoaren Saria jasoko du, “telebistarako koreografo lanetan egindako ibilbide zabala aitortzeko; eta bere lan, ahalegin eta nekeak eskertzeko”. Arrietari, berriz,
2016ko Dedikazio Saria emango diote, “antzerki musikalean dantzari berari egin dion ekarpenagatik”. Bestalde, 2016ko
Errebelazio Saria Hodei Iriarte zarauztarrarentzako izango da, “dantzaren munduan duen etorkizun oparo eta eta bere indarragatik”. Sari banaketaz gain, UNESCOren adierazpen bat irakurriko dute, eta Parisko Crazy Horse Kabareteko dantzariak emanaldia eskainiko die saridunei. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da lehiatilan.
Dantzaren hilabeteari amaiera emateko, dantza estilo ezberdinak erakutsiko dituzte igandeko ekitaldian, ikusleen “ikuskizun heterogeneoez gotzatzeko”.
Hortaz, klasikoa, neoklasikoa, dantza garaikidea eta euskal dantza eskainiko dituzte. Horretarako, hainbat dantzarik hartuko dute parte, tartean, lau errebelazio sarik: Prague Chamber Balleteko dantzari eta aurtengo saritu Hodei Iriarte; Flandeseko Errege Balleteko Ion Agirretxe; Dresdeko Balleteko Jon Vallejo; eta Uniqart Dance Companyaren zuzendari artistiko eta dantzari Iker Murillo. Iriarterentzako profesional gisa Euskal Herrian egingo duen bere lehen emanaldia izango da, eta
Qualia 22 pieza estreinatuko du.
Dantzari horietaz gain, Jon Vallejo donostiarra ere izango da ekitaldian. Berak itxiko du Dantzaren Nazioarteko Egunaren XX. Gala, Bubenicek anaiekin dantzatuko duen
Le Souffle de l’Esprit piezarekin. Ekitaldian bilduko dira, besteak beste, Dantzaz Konpainia, Aukeran Dantza Konpainia, eta Gaztela eta Leongo Profesionalen Dantza Eskolako ikasleak.
Sarrerak eskuratu daitezke Viktoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko lehiatiletan edo
Donostia Kulturaren webgunean, 6, 10 eta 12 euroren truke.