3.000 euro gehiago, Mintzalaguna programa sustatzeko
Euskara Zerbitzuak euskararen alorrean “estrategikoak” diren lau jarduera aurrera eramateko diru laguntzak onartu berri ditu; 184.500 euro banatuko ditu guztira.
Lau egitasmoren artean egingo du Donostiako Udalak banaketa. Batetik, IRUTXULOKO HITZA (90.000 euro) eta Hamaika Telebista (40.000 euro), tokiko informazioa euskara hutsean ematen duten bi hedabideak lagunduko ditu diruz.
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak 48.000 euro jasoko ditu euskara sustatzeko proiektuak garatzeko. Diru-laguntzaren zatirik handiena Mintzalaguna programak jasoko du. 2015-2016 ikasturtean egitasmoak izan duen bilakaera positiboa kontuan izanik, iaz baino 3.000 euro gehiago jasoko ditu Mintzalagunak.
Azkenik, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak 6.500 euro jasoko ditu, Egian garatzen ari den Ikasle Euskaldun Eleanitzak proiektu pilotua garatzen jarraitzeko. Gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da proiektu honen helburua, bai ikastetxean eta baita ikastetxetik kanpo ere.
Aitor ikastolan eta Dimako Ugarana herri eskolan ari dira lantzen proiektu hau. Aurten amaituko dute, eta emaitzak aztertu ondoren erabakiko dute beste herrietara, edo Donostiako gainerako auzoetara zabaltzeko moduko esperientzia izan den.
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, “lau egitasmo hauek oso garrantzitsuak dira udalak indarrean duen Euskararen Plan Orokorra garatzen eta osatzen laguntzeko”.