Donostiako Lauaizeta ikastolari eta Frantziako Virlogeux eskolari harrera egin die udalak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Lauaizeta Ikastolarekin hitzartutako eskola trukearen harira, Gazteria zinegotzi Martin Ibabek harrera egin die gaur goizean
Frantziako Virlogeux eskolako eta Lauaizetako hainbat gazteri. Apirila hasieran Donostiako ikasleak Frantzian egon ostean,
aste honetan 14 eta 16 urte bitarteko frantsesak etorri dira hirira. Intxaurrondo eta Egia auzoetara irekia dagoen ikastetxea ezagutzeaz gain, hemengo familiekin egoteko eta Donostiako txokoak ezagutzeko aukera izaten ari dira.
Azken batean, programaren helburuak dira
frantsesko ikasleak motibatzea, euren
gaitasun linguistikoak hobetzea,
komunikazio estrategiak bereganatzea,
eta beste bizimodu eta kultur bat ezagutzea. Halaxe azaldu du Lauaizetako irakasle Amaia Eizagirrek: “Frantziako hezkuntza ereduan atentzioa eman diena izan da irakasle eta ikasleen arteko harremana, hemengoarekin alderatuta serioagoa da. Baina, orokorrean, eskolak jarraitzeko ez dute arazorik izan, maila antzekoa da. Lehenengo urtea da egiten duguna, eta oraindik ez dakigu errepikatuko dugun; baina ikasleentzako oso baliagarria izaten ari da, eta gurasoak ere oso pozik daude. “.
Olga Lopez frantsesa eta Olatz Arregi donostiarra. (Argazkia: Lide Ferreira)
Horren adibide dira Olatz Arregi eta Elsa Lopez, 3.DBHko ikasleak. “Oso esperientzia polita izaten ari da, eta errepikatzea asko gustatuko litzaidake. Frantzian egon nintzenean, hasieran, gazteleraz hitz egiten nuen familiarekin; baina bigarren egunetik aurrera, lasaitu nintzen eta frantsesez aritu nintzen. Hizkuntza aldetik, hemen ez nituzkeen hitz asko ikasi ditut han.
Frantziatik lagunak eta familia bat eramaten dut; beraz, harremana mantenduko dugu“, azaldu du Arregik. Lopez frantziarraren arabera, ikasleak oso harrera ona egin diote, eta Donostia oso gustukoa du: “Gure eskola orduak eta gero, bisitatzen dugu hiria, izozkiak jaten ditugu…
Olatzen familia oso jatorra da. Beraien artean ohitura dute euskaraz egiteko, baina nirekin gazteleraz egiten dute. Bere aita oso berritsua da, eta asko laguntzen dit!”.