Maria, Juan, Edu eta Pedro artisten lanak bisita daitezke, Parte Zaharrean.
Eduardoren margolanetako bat. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Lau Txillidatar elkartu nahi izan ditu Parte Zaharreko Ekain arte galeriak: Maria, Juan, Edu eta Pedro. Artista bakoitzak bere bidea jorratu du, oso desberdina, eta bakoitzak bere estiloa du, baina, hori bai, guztiak datoz abizen beretik.
4 chilidak izena du erakusketak, eta apirilaren 28tik ekainaren 11ra egongo da zabalik.
Mariak bere azken lanak eraman ditu galeriara. Paperak margotzen ditu, eta forma orekatuak ematen dizkiela dio. “Ez dut nire estiloa gehiegi aldatu; oraingoan, agian, kolore diskretuagoak sartu ditudala esango nuke, eta egur zatitxo batzuk ere sartu ditut, ukitu desberdin bat emateko”.
Juanek egiturak eta kaxak landu ditu: “Alanbrea da gehien atsegin dudan materiala, askatasuna ematen dit”, aipatu du.
Eduardo da erakusketako pieza handienen jabea. Akrilikoa eta olioa erabiltzen ditu bere lanak egiteko. “Askotan marrazten ditut leihoak, jendea nire lekuan jarri dadin margoak ikustean. Nire etxeko leihotik ikusten dena irudikatu dut”.
Pedro marrazkietan oinarritzen da bere koadroak osatzeko, eta eskulturak ere gehitu dizkio erakusketari. “Beti erabiltzen du marrazki bat oinarrian, eta testu zatiren bat jartzen diot. Eskulturetan, material ugari erabiltzen ditut; egurra, harria, burnia…”