Indalezio Bizkarrondo ‘Bilintx’-ek 185 urte beteko lituzke larunbatean. Bertsolari eta olerkigile donostiarra Polloeko hilerrian dago atseden hartzen, istripuz eta pasarte lazgarriz betetako bizitza izan eta gero

Polloeko hilerrian dago Bilintx, atseden hartzen. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Indalezio Bizkarrondo
Bilintx-ek (Donostia, 1831-1876) ez du aurkezpenik behar. Bertsolaritza eta euskal olerkingintzari egindako ekarriagatik da ezaguna, eta txiki-txikitatik izan zuen zorigaitzarengatik ere bai.
Hala ere, bizitza istripuz eta pasarte lazgarriz beteta eduki arren, harro hitz egin ohi da berari buruz, tristurari tarterik utzi gabe. Izan ere, Bilintx-ek oso presente jarraitzen du donostiarren memorian.
185 urte beteko lituzke larunbatean, apirilaren 30 batean jaio baitzen. Gaztetan eskaileretatik behera erortzeak aurpegia desitxuratuta utzi zion; hortik datorkio Moko beste goitizena. Hori gutxi balitz, sokamuturrean behin zezenak adarkatu eta hanketan zauri larriak eragin zizkion; handik aurrera, herrenka ibili zen beti. Pasarteak ez dira hor bukatzen: postu bat izan zuen egunkariak saltzeko, eta behin kioskotik 8.000 erreal lapurtu zizkioten.
Liberala zen Bilintx, eta Donostiako liberalen laugarren batailoian borrokatu zuen Hirugarren Karlistaldian. 1876ko San Sebastian egunean, karlistek menditik botatako granada bat sartu zitzaion leihotik etxera, Antzoki Zaharrean bizi zenean, bertako zaindari izan baitzen urtetan. Granada lehertu eta zangoak moztu zizkion. Sei hilabete luzetan oinaze izugarriak jasanda hil egin zen. Zorigaitza, berriro ere.
Bere gorpuzkinak Polloeko hilerrian daude orain, baina hasiera batean ez zituzten bertan lurperatu. Hain zuzen ere, San Bartolomeko hilerri zaharrera eraman zuten hil ondoren, eta bertan gorazarre egin zioten herritarrek eta orduko agintariek. Bere alargun Nicolasa Erkizia azpeitiarra tartean zen, baita harekin izandako hiru seme-alabak ere. Hurrengo egunetan elkartasun sare bat osatu zuen jendeak, Bilintx-ek utzitako familia laguntzeko: hiriko zenbait antzokitan antzerki saioak egin zituzten, dirua biltzeko.
Polloen handik urte batzuetara lurperatu zuten, San Bartolomeko hilerria eraisteko erabakia hartu zutenean, bertako hirigintza proiektuari atea irekitzeko. Egiako hilerria inauguratu berritan eraman zuten, hilerri zaharrean zeuden gainontzeko gorpuzkinekin batera. Bilintx Egian dago orain atseden hartzen, bere alargunaren ondoan.
Bere etxea izandakoaren inguruan, Antzoki Zaharrean, berriz, kale bat dago haren izenean.

Bilintxen hainbat senitarteko ere daude lurperatuta, olerkigilearekin batera. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Amodiozko poesia
Idatzita utzitako lanetan, Bilintx-en izaera dago gordeta. Hain justu, baserri munduko idealizaziotik urrunduta, amodiozko poesia landu zuen batez ere. Euskal literaturaren ahots erromantikoena izan zen, eta asko erabiltzen zuen umorea. Hori zuen bereizgarri.
Bere lanetan bizitza du inspirazio iturri, eta amodioaren gazi-gozoa erakusten du. Bilintx-enak dira, adibidez, Behin batian Loiolan kantu ezaguna, edo Triste bizi naiz eta, hilko banintz hobe hasten den abestia. Baina umorezko bertsoak ere idatzi zituen: zirikatzaile handia zen. Behin mozkor batek esan omen zion «Agur, Bilintx!», eta Bilintxek erantzun «Agur, Balantx!».