"Enbarazu egiten diena ez da baratzea edo gaztetxea, gazteok biltzea eta elkarlanean aritzea baizik"
Parte Zaharreko gazteek elkartasuna eskatu dute Trinitate plazako auzo baratzearen suntsitzea dela eta.
Parte Zaharreko gazte batzuek auzo baratzea sortu zuten duela gutxi Trinitate plazako lursail txiki batean, baina proiektua oztopatu die Donostiako Udalak. Udaltzainek eta udal langileek identifikatu egin zituzten bertan lanean ari zirenak, aste honetan bertan: “Joan den asteazkenean, apirilaren 27an, auzoko gazteok trinitate enparantzan egindako baratzea suntsitu egin zuten. FCCko langileek udaltzaingoen babesean, eta udalaren agindupean ia material guztia eraman zuten; eta landatutakoa oso egoera txarrean utzi zuten”, salatu dute gazteek prentsaurrekoan. Horretaz gain, euskararen aldeko panela ere puskatu eta kendu zutela diote, euren esanetan, auzoko gazte asanbladak udalaren baimenarekin jarritakoa. “Erasoak etengabeak izan dira. Baratzean lanean ari ginen gazteok asanblada egiten ari ginela ere Ertzaintza agertu zen, plazan bildu ezin ginela esanaz, eta pertsona bat identifikatu zuten”, gehitu dute. Agerraldiaren bidez, udala salatzeaz gain, norbanako eta eragile guztien babesa eskatu dute. Ondorio garbia atera dute gertatutakoaz: “Guk argi dugu: enbarazu egiten diena ez da baratzea edo gaztetxea, gazteok biltzea eta elkarlanean aritzea baizik. Ezin dute onartu kontsumoan oinarritua ez dagoen aisialdia egitea”. Edonola, “erasoei tinko eutsi” eta autogestioaren bidea jarraituko dute azaleratu dute. “Guk baratzearekin jarraituko dugu, eta edonori proeiktu hau babesteko, zabaltzeko eta etortzeko ateak zabaltzen dizkiogu”. “Auzoan baratze bat sortzeko iniziatiba auzoko gazteongandik etorri zen. Erabiltzen ez ziren lur batzuk baliatu ditugu espazio autogestionatu bat sortu eta proiektu alternatibo bat bultzatzeko. Urteetan ikusi dugu plazaren zati hau utzia egon dela, ezertarako balio ez balu bezala, eta guk auzolan hutsez bizia eman diogu berriro”, azaldu dute. Azken batean, baratzea auzotik eta auzoarentzat egindako proiektua dela adierazi dute, beste balio batzuetan oinarritutako auzoa eraikitzeko: “Baratzea ez da inorena, eta denona da aldi berean. Edonork egin dezake lan bertan, inoren baimenaren beharrik gabe”. Europako kultur hiriburutza ere aipatu dute, eta esan dute ez dela udalak garai honetan proiektu autogestionatuen aurka egiten duen lehen aldia: “Ezingo ditugu ahaztu Kortxoenean egindako basakeriak, eta gogorarazi nahi dugu Grosek tokirik gabe jarraitzen duela. Antzeko egoeran daude Antiguako Txantxarrekan, Amara Berrin edo beste auzo askotan”. Osteguneko udalbatzarrean auzo baratzeaz aritu ziren zinegotziak; eta