San Markos mankomunitateko 23 ikastetxek hartzen dute parte 'Eskolan Konposta' egitasmoan; horietatik 18, Donostiakoak
Ikasleak, hamaiketakoa egiten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eskolan Konposta programaren bitartez hondakin organikoen zikloa ikastetxeetan bertan itxiko dute. Iaz jarri zuen abian programa
San Markos mankomunitateak, 10 udalerritan. Aurten
Donostiak ere bat egin du egitasmoarekin.
Cristina Enea fundazioko kideak arduratuko dira ikastetxeekin zubi lana egiteaz. Horretarako ikastetxe bakoitzaren egoera aztertu dute: zenbat hondakin organiko sortzen duten eta zer egiten duten hondakin horiekin.
Horren arabera, ikastetxe bakoitzaren beharretara egokitutako hobekuntza plan bat garatu dute.
Ikastetxe bakoitzari behar dituen baliabideak eskaintzen dizkiote: edukiontziak, konpostagailuak, aireztatzaileak…
Formakuntza ere jasotzen dute ikastetxeetako langileek eta irakasleek, eta ikasleekin ere adinaren araberako sentsibilizazio saio didaktikoak lantzen dituzte.
Xixario zizareak egiten du ikasleekin gidari lana. Hondakin organikoak ongarri erabilgarri bilakatu arteko prozesua azaltzen die ikasleei.
San Markos Mankomunitateko eta Cristina Enea Fundazioako kideak, Xixario zizareari begira. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
San Markos Mankomunitateko lehendakari Jaime Dominguez-Macayak eta Txema Hernandez, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak gaur sinatu dute lankidetza hitzarmena. Herritarrek sortzen duten hondakin organikoaren inguruko hainbat datu eman dituzte, eta baita
Eskolan Konposta egitasmoaren erronkak ere.
2010ean 6,3 kilo organiko bildu ziren pertsonako. 2015. urtean,
39,38 kilo pertsonako; 12.300 tona guztira.
Ikastetxeetan hondakin organiko ugari sortzen da, batez ere, jantokietan.
Eskolan konposta egitasmoaren bitartez sortzen den organiko hori tratatu eta
ikastetxean bertan erabiliko dute ongarri gisa, parkeetan edo gero eta ohikoagoak diren ikastetxeetako baratzeetan.
Dominguez-Macayak azaldu duenez, urtean 25-30 tona organiko tratatzera eramatea saihestuko dute egitasmo honen bitartez. Eta kopuru hori urtetik urtera hobetzea ere espero dute, gero eta ikastetxe gehiagok egiten baitute bat. Iaz, 13 ikastetxek hartu zuten parte. Aurten dagoeneko 23 dira; horietatik 18 Donostiakoak.
Proiektua abiatzeko 46 konpostagailu jarri zituzten abian, eta ikasturte honetan beste 27 gehiago ari dira erabiltzen.
Organikoaren kudeaketa, erabilera edo lanen inguruko informazioa partekatzeko
Eskolankonposta.eus webgunea jarri dute abian. Bertan material didaktiko ugari jarri dute, eta baita erabiltzaileek ideiak eta zalantzak partekatzeko gune bat ere.