Udaltzaingoa datorren urte hasierarako pasako da Morlansera
Donostiako udalak Altuna y Uria S.A-ri egin dio lanen esleipena. 250.000 euroko aurrekontua izango dute, eta lau hilabeteko epea, lanak amaitzeko.
Bestalde, eraikina birmoldatzeko bigarren faseari ere ekingo diote. Kasu honetan, 634.000 euroko kostua izango dute lanek.
Beraz, ondo bidean, datorren urte amaieran Easoko udaltzainak ere Morlansera pasako dira. Kultur Hiriburutza ere amaituko da, eta Easo kaleko eraikinari beste erabilera bat emango diote.
Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, turismo bulegoa Bulebarretik udaletxeko beheko solairura pasatzeko asmoa dute. Egungo bulegoa alokairuan daukate, eta udaletxea zerbitzua eskaintzeko egokia izan daitekeela uste du alkateak.
Modu honetan, udaletxeko zerbitzuak berregituratuko lituzkete, eta horietako batzuk Easo kaleko eraikinera pasako lirateke. Dena den, aldaketa hauek guztiak azterketa prozesuan daude.
Ziegak egitea eta eraikina egokitzea falta da Udaltzaingo osoa Morlansko eraikin berrira pasatzeko. Sei ziega, adingabeentzako beste ziega bat, eta horiek guztiek behar dituzten zerbitzuak egingo dituzte eraikinean.