EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Donostiako galdeketa araua. Udalak datozen egunetan erabakiko du herritarren iritzia jasotzeko zein bide erabiliko duen.
Donostia Antitaurina Orain plataformako kideek 10.000 sinadura bilduta abiarazi dute zezenketen inguruko galdeketa. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Espainiako Estatuaren Abokatuak Donostiako galdeketa arauaren kontra jarritako inpugnazioa onartu du EAEko auzitegiak. Beraz, araua baliogabetua geratu da behin behingoz.
Joan den urteko apirilean onartu zuen udalbatzak herri kontsulten araua, ahobatez. Hortaz, ez du ibilbide luzea izan.
Araudi horretan oinarritutako lehen herri kontsulta ere bideratuta zegoen, zezenketen ingurukoa, hain zuzen ere. Hauteskunde egutegia tarteko, uda ostean egitea aurreikusia du zezenketen inguruko galdeketa udal gobernuak. Baina hala egin nahi badu, bide berriak aurkitu beharko ditu.
Galdeketa egingo dute
Asteazkenean eman zuen EAEko auzitegiak bere erabakiaren berri, eta egunean bertan premiazko bilera egin zuten udaletxean. Alderdi politiko guztietako bozeramaileak, Eneko Goia alkatea bera, idazkaria eta zerbitzu juridikotako ordezkariak bildu ziren.
Zezenketen inguruko kontsultarekin aurrera nola egin aztertu zuten, eta lau aukera jarri zituzten mahai gainean.
Lehen aukera Auzitegi Gorenari
helegitea aurkeztea litzateke. Baina EAEko auzitegiaren jarrera ikusita, ez dute bide horretan esperantza handirik.
Bigarren aukera,
Euskal Udal Legea oinarri hartuta galdeketa abian jartzea litzateke. Lege honek aurreikusten die herri kontsultak egiteko eskumena udalei, baina litekeena da aurreko araudiari bezalaxe, Espainiako Estatuko Abokatuak helegitea jartzea bide honi ere.
Hirugarren aukera, udalbatzak
Ministroen Kontseiluari galdeketa bat egiteko baimena eskatzea litzateke.
Kontsulta ez bada loteslea, horretarako aukera eman ohi du kontseiluak. Dena den, kasu honetan, 18 urtetik gorako herritarrek bakarrik lukete galdeketan parte hartzeko aukera. Beraz, zezenketen inguruko egitasmoa aldatu beharko litzateke, udal galdeketa arauak 16 urtetik gorakoei eskaintzen baitie aukera.
Laugarren bidea, inori ezer esan gabe eta
baimenik eskatu gabe herri galdeketa bat egitea litzateke, herritarren iritzia jasotzeko zuzenean.
Gaur egun,
zezenketen inguruko galdeketa da abian dagoen prozesu bakarra, eta prozesu hori aurrera eramateko konpromiso irmoa erakutsi du udalak. Galdeketa egingo dute, baina nola egin zehaztu beharko dute lehenik.
Datorren astean bilduko da berriro bozeramaileen batzordea, eta orduan erabakiko dute lau bideetatik zein aukeratu. Ahobatez hartu beharreko erabakia izango da.
Dena dela, udal ordezkariek euren desadostasuna erakutsiko dute udal galdeketa arauaren baliogabetzearen aurrean. Erakunde adierazpen bat onartuko dute ahobatez, EAEko auzitegiaren erabakia arbuiatzeko. Gauza bera egin zuten iazko ekainean, Carlos Urquijok udal arauaren aurrean helegitea jarri zuenean.
“Ulertezina da udal bati herritarren iritzia jakiteko tresna bat izaten ez uztea”, horixe izan zen Eneko Goia alkatearen lehen erreakzioa EAEko auzitegiaren erabakiaren berri izandakoan.
Galdeketa arauaren “balio politikoa” nabarmendu zuen alkateak, Udalbatzak ahobatez onartutako araua dela gogoratuz. Eta zezenketen inguruan zera aipatu zuen: “9.000 donostiarrek egindako eskariak errespetua eta erantzuna izatea merezi du. Eta, horregatik, hiritarrek gaiari buruz iritzia eman ahal izateko aukera bermatuko dugu”.