Maiatzaren lehena baliatuz, arrantzaleen lonja sinbolikoki okupatu dute zenbait herritarrek, beste hiri eta kultur eredu baten alde; aldi berean, kaiaren eta hiriaren pribatizazioaren aurka egin dute.
Kaiaren pribatizazioa salatu dute. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Asteburu mugitua izan dute Parte zaharrean. Joan den asteazkenean udalaren garbiketa zerbitzuek eta udaltzainek Trinitate plazako auzo baratzea desegin ostean, jardueraren aldeko hainbat ekintza antolatu zituzten larunbaterako. Bestalde, igandean, maiatzaren 1arekin bat eginez, beste hiri eta kultur eredu baten aldeko aldarria egin zuten kaian.
Ez da lehen aldia Langileen Nazioarteko Egunean «eraldaketaren borroka» sindikatuetatik haratago artikulatzen dutela. Azken hiru urtean elkarren artean ezberdinak izan arren «logika berari» erantzuten dioten hiru ekintza egin dituzte Donostian: Egiako Onkologiko zaharra auzo-etxe bihurtu; Firestone lantegia berreskuratu eta Eraldia proiektua abiarazi; azkena, arrantzaleen lonja sinbolikoki okupatu.
Eztabaidatu eta erabaki
Donostia saltzetik salbatu lelopean, eta arazoa Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan kokatuz, hainbat herritar kaian bildu ziren egun osoko egitarau batekin, beste hiri eredu bat aldarrikatzeko. Asmoa, herritarrek hiri eredua erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea zen: «Erabaki eta eztabaida guneetan egon nahi dugu». Izan ere, azaldu dute ez daudela, «berriro ere, donostiarrekin hitzartua ez den egitasmo baten mesedetan, intentzionalitate osoz hartzen ari diren neurri gehiago onartzeko prest». Jardueraren bitartez, gaia agenda publikoan eta debate politikoan jarri nahi dute.
Protestaren atzean hainbat eragile eta norbanako daudela azaldu dute. Bi bidetatik iritsi ziren, igandean, kofradian sartu eta kaian biltzera. Hasteko, urtarrilean, Kultur Hiriburutza ekitaldiarekin batera Piraten mugimenduak herri kulturen aldeko brindisa egin zuen. Bertan, euren irakurketa plazaratu, eta gainerako eragileak hiriburutzaren inguruko gogoeta egitera animatu zituzten. Ondoren, Donostiako Okupazio Bulegoak hartu zuen lekukoa, eta dei egin zien hiriko gizarte eragileei elkargune bat sortzera. Hortik, Kultur Hiriburutzaren inguruko gogoeta espazio bat osatu dute, eta gogoeta espazio horretatik sortu da maiatzaren 1ean egindako mugimenduaren ideia.
Bi helburu nagusi izan zituen: batetik, «bestelako hiri eredu baten aldeko aldarrikapena egin» eta bestetik, «Donostian lehen sektoreak, esaterako, arrantzak, bizi duen egoera salatu».
Itsasoa, alde edo kontra
Kultur Hiriburutza itsasoaren kultura «erabiltzen» ari dela salatu dute, «benetako» itsasoaren kultura «txikitzen eta desagerrarazten» duten bitartean. Gaineratu dute, arau eta interes «urrutiko eta arrotzek» arrantza sostenga ezin bilakatu dutela: «Gure arraindegietan erosten dugun arrainak geroz eta urrunago du jatorria, eta egun Gasteizko Foronda aireportua dugu euskal arrantza porturik handiena».
Horregatik egin zuten jarduera kaian: «Bertan ematen ari den hirigintza eraldaketa da, hirian gertatzen ari denaren ispilu».
Azken hamar urteetan geroz eta debeku gehiago daudela ohartarazi dute: «ezin da portuan bainatu, erdiko moila itxia dago…». Horregatik «arribatzeko ez ezik, bizitzeko, arrantzarako, paseatzeko, bainurako eta baita festarako izango den kaia» nahi dutela aldarrikatu dute. Bestalde, azpimaratu dute hiriko zein auzoko jaietan ere ondorio zuzenak dituela kaiaren pribatizazioak: «Karmenetan eta Aste Nagusi Piratan geroz eta traba gehiago jartzen dituzte». Hiri ereduan dago euren ustez gakoa: «Pribatizatu nahi duten espazioaren erabilera komunitarioa ziurtatzen dute jaiek, eta hori da nahi ez dutena».
Oraindik, maiatzaren 1ean egindako jardueraren baloraziorik egin ez badute ere, azaldu dute «pribatizazio prozesu lotsagarri baten kalteak pairatzen ari den eremuan, hiri-eredua eta kapitalismoaren askotariko zanpaketei buruzko gogoeta-kolektiboan beste urrats bat» ematen dutela.
Mugimenduarekin bat egin duten eragile eta norbanakoek kultur hiriburutzaren eta kultur ereduaren inguruko gogoeta espazioarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute: «Europako Kapitalaren Hiriburutik, herri-langileak, langabetuok, lan egin nahi ez dugunok, herritartzat ez gaituzten jatorri eta egoera ezberdinetako pertsonok… Donostiaren eraldaketaren erdigunean behar dugula aldarrikatzen dugu».
Mozal Legearen mehatxua
Kai publiko baten alde, eta hiriaren pribatizazioaren aurka egindako aldarrikapenaren baitan hainbat ekintza antolatu zituzten; besteak beste, herri bazkaria, antzezlan bat, bertsolariak eta mahai-inguruak. Gainera, bestelako egitasmo eta dinamikak ezagutzeko aukera ere izan zuten; tartean, Parte Zaharreko auzo baratzea eta Pasaiako gaztetxea.
Dena den, antolatzaileek salatu dute Ertzaintza hurbildu eta zenbait pertsona identifikatu zituela, baimenik gabe kontzentraziorik ezin dela egin argudiatuta.«Eraso» honen aurrean, Mozal Legea ezartzeari «modu kolektiboan» erantzungo diotela jakinarazi dute.