Ekainaren 5ean erabakia aldarrikatzetik gauzatzera igaroko dira
Gure Esku Dago-k deituta, ehundaka lagun elkartu dira gaur Zurriola hondartzan, erabakitzearen lehen olatuaren berri emateko. Izan ere, ekainaren 5ean, erabakia aldarrikatzetik gauzatzera igaroko dira 34 herritan. Donostian, zehazki, bi jarduera nagusi prestatu dituzte: batetik, maiatzaren 23an, 19:00etan, hitzaldi bat eskainiko dute, erabakitzeko eskubidea jorratzen ari diren herritarren esperientziei esker; eta, bestetik, ekainaren 5ean, Bulebarrean, herri galdeketa moduko bat egingo dute, 11:00etatik 13:00etara.
Gaur hartu duten galdeketaren olatu hori hasiera besterik ez dela adierazi dute antolatzaileek: “Erabakiaren bidea herritarrek egingo dugu, erabakia gurea da eta olatua gu izango gara”. Horren harira, Euskal Herriaren gizartearen gehiengo oso zabala erabakitzeko eskubidearen alde dagoela defendatu dute, eta borondate horri normaltasun osoz eman nahi diote bidea: “Euskal herritarron burujabetza ari gara gauzatzen. Gure etorkizun politiko eta soziala libreki erabakitzeko gaitasuna. Demokrazia herritarron erabakia da, eta, beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokraziaren agerpen gorena da“. Erabakia elkarrekin eta herritarren parte hartzearekin erabakiz gero, ziur daude zilegia eta herritarrek onartua izango dela, “emaitza edozein dela ere”.
Donostian, maiatzaren 23an egingo duten mahai inguruaren helburua da galdetzea herritarrei, zer eta noiz nahi duten. Horretarako, Herri galdeketen garaia da, Donostian noiz? izenburupean, Laxaro Azkune (Azpeitia), Manu Gomez (Etxarri-Aranaz), Manu Oiarbide (Goierri) eta Lierni Olmedok (Debagoiena) hitz egingo dute. Ekainaren 5ean, berriz, hautestontzi batzuk jarriko dituzte Bulebarrean, 11:00etatik 13:00etara, eta galdera bati erantzun beharko diote donostiarrek. Lortutako emaiatzarekin erabakiko dute udazken partean talde bat osatu dezaketen. Eta, hala, 2017ko udazkenean nolabaiteko galdeketa egin. Donostiako kide Mikel Aznarrek azaldu duenez, “Jakitun gara Donostia hiriburua dela, eta sekula erronka izango dela. Horregatik, herri galdeketaren aukera lantzen ari gara, eta hori jarri nahi dugu mahai gainean. Atxikipenak lortu nahi ditugu; oinarri bat hurrengo fasea gauzatu ahal izateko”.
Hortaz, parte hartzeko deia luzatu dute antolatzaileek, eta ekainaren 5ean denak hautestontzietara gerturatzea: “Erabakiaren gauzapenera gerturatzeko urrats handia da, libreki euskaldunok gure etorkizuna erabaki dezagun”.