30 milioi euroko superabitareki itxi du urtea udalak.
Dominguez-Macaya eta Goia, 2015eko diru kontuak ematen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
2015eko Kontu Orokorren berri eman dute gaur udaletxean. Iaz,
375.987.007 euroko diru sarrerak izan ziren, eta
345.618.463 euroko gastua. Hortaz,
30.368.544 euroko superabitarekin itxi dute urtea.
Eneko Goia alkateak eta Jaime Dominguez Macaya, Finantza zinegotziak eman dute kontuen berri. Pozik agertu dira,
udalaren egoera ekonomikoa ona delako: “Superabitarekin urtea ixteak aukera ematen digu, aurreikusita genituen inbertsioak egiteko”, zehaztu du alkateak.
Hortaz gain, Fondo Foralera bideratu beharreko kupoa (6,4 milioi gehienez) ordaintzeko ere gai izango da udala, emaitza hauekin.
Kontu Orokorrak 2015eko likidazio orokorra hartzen du kontuan, hau da, udalaren beraren likidazioa eta baita udalak parte hartzen duen 13 erakunde eta elkarteen aurrekontuaren likidazioa ere.
Erakunde horietatik lau dira autofinantzatzen direnak: La Perla, Etxegintza, Polloe eta Anoeta kiroldegia. Beste batzuk autonomoak dira, eta beste batzuri udalak ematen die diru laguntza urteko jarduerak burutu ahal izateko. Egoera horretan daude udal Informatika zentroa (%100eko finantzaketa egiten dio udalak); Musika eta Dantza eskola (%57,4); Kirol patronatua (%37,6); Donostia Kultura (%66); eta Dbus (%34,5). Gehienek udalaren ekarpena jaso arren, guztiek finantza orekatua dutela nabarmendu dute.
Ekonomia datu hauek Europako Batasunak ezarritako aurrekontu-egonkortasunaren helburua betetzen dutela azpimarratu du alkateak: “Udalak ez du defizitik, eta gainera, gastuen araua deritzonaren gehienezkoa baino lau milioi euro gutxiago gastatzen dira”.
Aurtengo lehen hiruhilekoa aztertu ondoren, joera honi eusten diotela berretsi dute.