Herri kontsulten araudiaren prozesuan parte hartu zuten herritar batzuk, prentsaurrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Herri kontsulten araudia baliogabetu dutela-eta,
araudi horretan parte hartu zuten Kontraste Taldeko kideek –Donostiako Gure Esku Dagok, Donostia Antitaurina Orain Plataformak eta zenbait auzo elkartek– prentsaurrekoa eskaini dute gaur, udaletxean, euren kezka azaltzeko eta udalari kontsultarako araudia babes dezala eskatzeko: “Debekua salatzearekin batera, Donostiako udal gobernuari hau gainditzeko behar diren neurriak har ditzala eta bide guztiak araka ditzala eskatzen diogu. Donostiarrok hiritar kontsulta nahi dugu, erabaki nahi dugu”, adierazi dute.
Aurreko asteazkenean eman zuen EAEko auzitegiak bere erabakiaren berri: Espainiako Estatuaren Abokatuak Donostiako galdeketa arauaren kontra jarritako inpugnazioa onartu zuen. Bada, herri kontsulten udal araudia indargabetua geratu da. Hala, Eneko Goia alkatea alderdi politikoetako bozeramaile guztiekin elkartu zen, eta zezenketei buruzko kontsulta aurrera eramateko lau aukera jarri zituzten mahai gainean. Halere, gaur alkateak berak esan duenez, hirugarrena da egokiena, hau da,
udalbatzak Ministroen Kontseiluari galdeketa bat egiteko baimena eskatzea.
Helegitearen alde
Kontraste Taldeko kideek, ordea,
defendatzen dute Auzitegi Gorenari helegitea aurkeztea dela biderik egokiena. Errekutsoa jartzeko azken eguna maiatzaren 18a da.
Horrekin lotuta, manifestu bat eratu dute araudiaren prozesuaren parte hartzaileek, eta xede dute ahalik eta atxikimendu gehienak lortzea, eragile zein herritarren aldetik. Era berean,
Change.org plataforman sinadurak ere biltzen ari dira, Donostiako Udalari bi gauza, bereziki, eskatzeko: araua babestea eta zezenketei buruzko kontsulta aurrera ematea. Hiru egunetan, 800 baino gehiago lortu dituzte.
Halaber, ostiralean, maiatzaren 13an, elkarretaratzea egingo dutela gogoratu dute, Alderdi Ederren, 19:00etan, “eraso hau salatzeko eta gure eskubideekiko errespetua eskatzeko”.