Axier Jaka: "Balorazio baikorra egiten dugu, eta alkateak bere jarrera zuzendu duelako pozik gaude"
Herri Kontsulten Araudia baliogabetu dela eta, Donostiako Udalak helegitea aurkeztuko du, Bozeramaileen Batzordean hala erabakita. EH Bildu pozik agertu da, eta hala adierazi du Axier Jaka zinegotziak: “Balorazio baikorra egiten dugu, eta alkateak bere jarrera zuzendu duelako pozik gaude”.
Jakaren hitzetan, alkateak asteartean baztertu egin zuen helegitea aurkeztea araudiaren baliogabetzearen aurrean, eta Espainiari baimena eskatzea baloratzen ari zen: “Oso larritzat jo genuen jarrera hori, onarkaitza delako alkate batek bere udalerriko herritarren eskubideak ez defendatzea, eta udal autonomiaren ikuspuntutik aho batez onartutako araudi bat ez babestea”.
Jakaren ustez, alkatearen jarrera aldaketak lotura zuzena du herritarren eskaerarekin. “Ziur gaude aldaketa horretan giltzarria izan dela egindako presioa herritarrek, auzo elkarteek eta beste eragile batzuek. Horregatik, zoriondu egin nahi ditugu”. Era berean, alkateak “konbentzimendu gutxi” erakutsi duela eta, EH Bilduk hurrengo pausoak arretaz jarraituko dituela esan du: “Beharrezkoa ikusten dugu, bihar, herritarrek eta elkarteek antolatu duten elkarretaratzera joatea, herri kontsulten araudia babesteko. Dei egin nahi diegu donostiarrei elkarretaratze horretara joateko”.