Bertako baserrietan ekoiztutako elikagaien alde
Ikastetxeetan Ekolapiko egitasmoa indarrean jartzeko gida aurkeztu dute.
Ekolapiko bertako baserrietan ekoiztutako elikagaiekin elikadura ekologikoa eta osasuntsua ikastetxeetako jangeletan txertatzeko proiektu bezala 2006. urtearen amaieran eman zituen bere lehenengo urratsak, eta egun, hiru eragilek hartzen dute parte egitasmoan: Cristina Enea Fundazioa, Biolur eta ENEEK.
Donostiako Udalarekin elkarlanean, hiriko 3 haurreskolatan martxan jarri zen Ekolapiko bere hastapenetan, eta ondoren beste udalerri eta ikastetxe batzuetara hedatu zen: Usurbil, Beasain, Hernani, Oiartzun, Errenteria eta Ibarra. Segurako aterpetxea ere gehitu zen. Aurreneko esperientzien ondoren, denen balorazioa oso positiboa da orokorrean, bai elikagaien kalitatearengatik, bai eta baserritarrekin dituzten harremanengatik ere. Egun, 7 udalerritan dago indarrean egitasmoa, eta egunero batez beste 675 otordu ekologiko prestatzen dira. Bere hastapenetatik egitasmoak hiru ardatz nagusi izan ditu: osasuna eta hezkuntza; ingurumena; eta landa-garapena. Txema Hernandez, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak egitasmoak ikasleen osasunean eta beren hezkuntzan egiten dituen ekarpen eta onurak azpimarratzen ditu: “Jangeletara kalitate handiko produktuak iristen dira, freskoak, baratzetik jaso berriak eta ekologikoki hazita, eta horrek eragin handia dauka ikasleen osasunean: bitamina, proteina eta beste elementu guztiak ezinhobeak dira eta ikasleak dira etekina jasotzen dutenak”. Nolanahi ere, proiektuak ahalegin handia egiten du nekazaritza ekologikoaren eta elikadura osasuntsuaren inguruko kontzientziazioan. ”Horretarako, material didaktikoak garatu dira eta bisita gidatuak antolatzen dira ekoizleen baserrietara. Baliabide horiekin guztiekin, ikasleek hobeto jaten dute eta horren garrantzia hobeto ulertzeko aukera dute”. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako jantokietan bi kudeaketa-eredu desberdin daude: katering sistema alde batetik, eta eskolako sukaldeetan bertan janaria prestatzen dutenak, bestetik. Bertan sukaldatzen dutenen artean produktu konbentzionalak edo ekologikoak aukera daitezke.