Gure Esku Dago dinamikako kideak, Korrikan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Herri kontsulten araudiari ezarritako debekuaren ondorioz, donostiar guztiei zuzendutako idatzi bat argitaratu du Gure Esku Dago dinamikako hiriko taldeak. Hasteko, “demokrazia zuzenaren aurkako debeku baten aurrean gaudenez”, bere aurkakotasuna adierazi nahi izan du. Horren harira, gogoratu du araudia prozesu parte hartzaile baten bidez egin zela, eta Donostiako udalbatzak aho batez onartu zuela.
“Araudi horrek, finkatuta dituen irizpideen baitan, donostiarroi, erabakitzeko eskubidea egikaritzeko aukera ematen digu. Gauzak horrela, nork dio beldur –debekua ezartzeraino- herritarrok erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateari? Zergatik? Eta zertarako?”. Galdera horien inguruko hausnarketara bultzatzen dituzte herritarrak, erabakitze eskubidean sinesten dutelako. Oinarri horiek dituen demokrazia batean bizi nahi duten heinean, debekuaren aurrean, ondorengoa planteatu dute:
- “Donostiarrak, araudi honen alde mobilizatzera deitzen ditugu. Guk, adibidez, eragile bezala, zirkulazioan jarri den manifestuari gure atxikimendua eman diogu”.
- “Donostiarrak, ostiralean, maiatzaren 13an, 19:00etan Alderdi Ederren antolatu den elkarretaratzean parte hartzera deitzen ditugu. Gu bertan egongo gara”.
- “Donostiako udalbatzari, araudi honen defentsan, bere esku dituen baliabide politiko, instituzional eta juridiko guztiak balia ditzala eskatzen diogu. Bide horretan gure babes eta laguntza osoa izango du”.
- “Azkenik, herri libre batean bizi den jende zoriontsua izan nahi dugulako, debeku ororen gainetik, donostiarrak egunerokoan ahalduntzera deitzen ditugu. Demokrazian bizi nahi dugunak gehiengoa gara, baliatu dezagun indar hori eta jarraitu dezagun lanean, ilusioz, hainbeste maite dugun demokraziara iritsi arte. Gure esku dago…”