Asteburuan amaituko dute Plaza Haundi estaltzearen aldeko sinadura bilketa
Astelehenean bildutako sinadura guztiak udaletxera eramango dituzte.
Egia Bizirik auzo elkartea asmo hori bete nahian dabil.
Auzoko arkitektu talde baten laguntzaz proiektu eredu bat egin du auzo elkarteak. Auzotarren beharrak izan dituzte kontuan, eta gaur egungo gabeziak ere bai. Eredu horixe da herritarrei erakutsi dietena hilabete hauetan, sinadura kanpainak iraun duen bitartean.”Plaza Haundi nolakoa nahiko genukeen irudikatu dugu, jendeak errazago uler dezan, baina gu ez gara teknikariak, lan hori udalari dagokio”, dio Berdaitz Gurutzeaga, Egia Bizirik auzo elkarteko kideak.
Eskuorrien bidez, eta Change.org plataformaren bitartez egin dute sinadura bilketa. 1.000 sinadura inguru jaso dituzte, eta astelehenean eramango dituzte guztiak udaletxera. Asteburu honetan, larunbateko udaberri festan izango da Plaza Haundi estaltzearen alde sinatzeko azken aukera.
Bestalde, auzoko 25 eragileren atxikimendua ere jaso dute, eta sinaduren balioa baztertu gabe, Gurutzeagaren ustez, “eragileen atxikimenduak babes handia ematen dio proiektuari, ia auzo osoa baitago talde batean edo bestean identifikatua”.
Sinadura eta atxikimendu hauen bitartez, bi eskaera luzatuko dizkio Egiako auzo elkarteak udalari. Batetik, prozesu parte hartzaile bat jarri dezatela abian, auzotar guztien ekarpenak jasotzeko. Eta bestetik, ekarpen horiek kontuan hartuta, eta baldintza teknikoak gehituta, Plaza Haundi estali eta egokitzeko proiektua zehaztu eta lanak egin ditzala.
Asteburu honetako ospakizunak jarri ditu adibide gisa Gurutzeagak. Trebeska dantza taldeak 40 urte betetzen dituela eta, bazkari herrikoi bat egiteko asmoa dute Plaza Haundin. Baina eguraldi iragarpen txarrak direla eta, kolokan dago bazkaria egiteko lekua: “Horrelako egoerak maiz gertatzen dira, 10 urterik ez badu ere plazako estalkia ez delako egokia; ez estalkia, eta ezta irisgarritasuna ere”, dio Gurutzeagak.
Martxoan abiatu zuten sinadura bilketa Egian. Plaza Haundi estaltzeaz gain, inguru guztia egokitu nahi dute egiatarrek, eta