Eneko Goia alkatea, kazetarien aurrean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Herri Kontsulten Araudia babestea erabaki du Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, joan den asteko epaiaren ostean. “Gure erregelamendua defendatzeko helegite bat aurkeztuko dugu, naturaltasun osoz, maiatzaren 18a baino lehen; horrekin batera, bide guztiak irekiak mantendu behar ditugula erabaki dugu, erregelamendu bat lantzen jarraituko dugu herri kontsulten gauzatzea posible izan dadin Donostian”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Hala, bide bestetik zein bestetik aukera guztiak zabalik mantendu nahi dituzte: “Aurten galdeketa egitea lortu nahi dugu, Illunbeko zezenketen inguruan”.
Alkatearen hitzetan, ez da eztabaida handiegirik egon udal alderdien artean, erabakia hartzeko garaian. Kontua da, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuela Donostiako galdeketa araua, Espainiak jarritako inpugnazioa onartu ondoren. Euskal Udal Legeak dio herri kontsultak egiteko udaletan erregelamenduzko garapen bide bat egon behar dela, eta Goiaren hitzetan, segituan egingo dute.