Liburuak oparituko dituzte garraio publikoan irakurketa sustatzeko
'Liburu bat, bidaia bat' dinamikaren barruan, maiatzaren 13an liburuak eta autobus-txartelak oparituko dituzte autobusetan.
‘Liburu bat, bidaia bat’ dinamika abiatu dute Literaktum programaren barruan. Autobusean irakurtzen doazen bidaiariei liburu bat eta doako autobus-bidaia txartel bat oparitzean datza.
Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Dbusek antolatu dute egitasmoa, eta maiatzaren 13an egingo dute, hiriko autobus-linea batzuetan.
Donostia 2016ko hamar boluntario baino gehiago hiriko hainbat autobus-lineatan ibiliko dira, irakurtzen ari diren herritarrak identifikatu eta haiei liburu bat eta autobusean doan bidaiatzeko txartel bat emateko.
Ehun liburu inguru, eta ostiralerako eta larunbaterako balioko duten beste horrenbeste autobus-txartel ematea aurreikusten da. Liburuak hiriburutzaren hainbat proiekturi lotutakoak izango dira.
Literaktum jaialdia maiatzaren 3an hasi zen eta, kultur etxeetan, liburutegietan, liburu-dendetan eta Donostiako beste espazio batzuetan hamaika egun eman eta gero, maiatzaren 14an bukatuko da.