Asteburuan eskuorriak banatuko dituzte etxez-etxe, erraustegiaren aurkako argudioak azalduz
Donostiako banaketa larunbatean egingo dute, Ibaetatik abiatuta.
Maiatzaren 29an Onkologikotik Foru Aldundiraino egingo duten giza katea gogoratzeaz gain, errauste plantak jendartean sortuko dituen ondorioen berri emango die horrela herritarrei.
Ondorio ekonomikoak, zaborren kudeaketak eragindako ondorioak, eta batez ere errauste sistemak osasunean sor ditzakeen ondorioak nabarmenduko dituzte eskuorrietan. 225.000 orri banatuko dituzte, eta horretarako 600 bat boluntario bildu dituzte.
Erraustegi baten inguruan bizi diren herritarren artean minbizia kasuak nabarmen igotzen direla nabarmendu dute. Kezka horrekin sortu berri da hain zuzen ere GuraSOS taldea; haurrengan sor ditzakeen kalteez kezkatutako guraso, aiton-amona eta gainerako senitartekoek osatu duten taldea.
Zubietako bizilagunek lehen lerrotik bizi dute gaia, eta sarri erakutsi izan dute proiektuarekiko ezadostasuna. Oraingoan ere hala egingo dute, eta eskuorri banaketa berezian parte hartuko dute. Donostian arituko da Zubietako taldea, eta gainerako donostiarrei ere dei egin diete, banaketan lagun dezaten. Larunbatean goizeko 9:00etan jarri dute hitzordua, Ibaetako Ilarraberri kalean, Aratz erretegiaren ondoan.
Hortaz gain, zubietarrek argi erakutsi dute euren jarrera, gehienek helegitea aurkeztu baitute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak GHKri emandako baimen bateratuaren aurka. 48 ordutan 300 bat helegite eskuratu ditu Zubietako Herri Batzarrak. Horietatik 234 Usurbilen erregistratu dituzte, eta gainerakoak, Donostiako Udalean.
Bestalde, data gerturatzen doan heinean, maiatzaren 29ko giza katerako txartelak banatzen hasi dira Zubietan. Herriko plazan jartzen dute mahaia. Ostiralean eta larunbatean, 17:00etatik 19:00etara; eta igandean, 12:00etatik 14:00etara.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eskuorrien banaketa berezi bat egingo du asteburuan Gipuzkoa osoan.